Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Arriskatzea

2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Bizitza betea bizitzeko arriskatzea ezinbesteko dela esaten dute. Arriskuen berri izan arren, edo horrexegatik, arriskatzen duenak lortzen duela benetan bizitzea. Bestea, irautea omen.

Entzierroari begira. Telebistaz. Zezenei beren sakrifizio gunerako bidea egitea eragozten ari diren pertsona horiek guztiek eta horietako bakoitzak zapatilak jantzi aurretik arriskuaz hausnartu ote duten jakin nahia. Neurtuta ote daukaten zer arriskatzen duten eta zeren truke. Baietz esaten diot neure buruari: jende uholdearen artean adar handiei esker bereizten diren animalia eder horiek direla hausnarketara-ko gaitasunik ez dutenak eta irautearekin konforme liratekeenak. Beste guztiek, berez, salto ttikiak ematen hasi aurretik behintzat bai. Gaitasuna bai.

Ez naiz dramatiko jarriko: aurten Tourrak kalte gehiago eragin ditu (momentuz) entzierroak baino. Ziklistek ere badakite arriskatzen duenak dituela irabazteko guztiak eta ze arrisku dituen arriskatzeak.

Arrisku-saria zenik ere ez genekien garai haietatik badira bizitza arriskuan jarrita sarituak sentitzen direnak. Bizitzan arriskatzea eta bizitza arriskatzea gauza bera balira bezala. Eta ez dira. Baina n bat oso alde txikia da, eta karakter gutxiko letra, gainera, halako sakontasuneta-rako. Eta oinarrizko logika erabiliz n-a gorabehera, bizitzan arriskatu eta biziago sentitzea lortzen bada, bizitzan arriska genezakeen guztia arriskatuz gero, biziago.

Mutil-kozkorrak auzoko plazan. Baloiaren furia zertxobait baretuta urte-sasoiari dagokion denbora-pasan: tourra eta entzierroa bat eginda. Bizikleta gainekoak zezen eta haien adarrei ihes egin nahian korrika gainontzekoak. Arriskatuz. Esateko tentazioa. N-aren aldeaz. Bizitza osotasunean bizitzetik bizitza galtzera bitarteko aldeaz. Baina ezinezkoa da bizitzen erakustea. Biziz ikasten da bizitzen. Eta arriskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.