Idoia Etxeberria.
Larrepetit

Azterketa medikoak

2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Urtean behin, laneko azterketa medikoa. Ez naiz fidatzen. Akats asko egoten dira. Beti ez da beraien errua, noski. Ez da komeni analisiak herriko jaien ostean egitea. Edo bezperan ezkontza-bazkari erraldoia edukita. Gauza arraroak ere gertatzen dira: igeltsero batek esparrago pote batean eraman zuen pixa. «Berandu abisatu digute eta…». Esan zioten horrek ez zuela balio. «Ondo garbituta dago, e!».

Iazko azterketa medikoan, sei izartxo atera zitzaizkidan. Hau da, sei gauza neuzkala gaizki. Kolesterola zen bat, baina ez okerrena. Gibelaren zer batek 448 eman zidan, eta 55 zen muga! Patea egiteko gizentzen dituzten ahateekin akordatu nintzen.

Gero, Osakidetzan egin probak, eta dena ondo. Normal. Ez dakit zer gertatzen den: emaitzak nahasten dituzten… Igual baten bat lasai asko egongo da, kubatak edaten, gibela Maradonak baino okerrago izanda.

Duela urte dezente gertatu zitzaidan. Azterketa medikoa euskaraz egitea eskatu zuten lantokikoek, betiko legez. Neska gazte bat bertaratu zen. Euskaraz gaizki ez, desastre egiten zuena. Elektroaren emaitza ikusi zuenean, serio jarri zen: «Daukazu… blokeo bat bihotxean». Zer? Segituan galdetu nion ea larria zen. Eta bera azalpenak ematen hasi zen. «Bueno, ezkerra… eskuma, eskubia… bada ba… ez, baina, e…». Haren ezintasun aurpegia ikusita, biharamunean hilko nintzela iruditu zitzaidan. Esateko puntuan egon nintzen: «Hitz egidazu erdaraz!».

Takikardiarekin atera nintzen gelatik. Estresagatik baja eskatzeko moduan. Alarma faltsua izan zen hura ere. Baina kardiologoarekin egon arteko asteak ez ziren gozoak izan.

Ondorioak: 1. Posible da azterketa medikoen erruz osasuna galtzea. 2. Euskaraz ez dakitenek euskarazko zerbitzua eskainita, arriskua bikoitza da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.