Azkenaldi honetan, bakeari buruz asko hitz egiten da, denek nahi dute bakea, baina, dirudienez, hori bermatzea ia ezinezkoa da. Nola da posible denek gauza bera nahi izatea eta ez lortzea? Erantzuna ez da erraza. Nire ustez, ez da egia, denek ez dute bakea eraiki nahi. Orain dela gutxi, ez dakit nori entzun nion gerrateak diru askoko negozioak sortzen dituela; bakeak, aldiz, ez du hainbeste diru sortzen. Bakeari buruz hitz egiten dudan bakoitzean, Azoreetako argazkia etortzen zait burura. A ze taldea! Bakea ahoan zutela, gudarik injustuena egin zuten. Okerrena ez da hori, baizik eta horiek izatea demokrazia klaseak ematen dizkigutenak. Horiek dira, lasai asko, ikasleen kontra poliziarik basatienak bidaltzen dituztenak; horiek, demokratenak eta bakezaleenak.
Diana Pornoterroristak, bere poesia bat errezitatzen duen bitartean, Putasemeak! garrasi egiten dio bere publikoari. Gure kontzientzia esnatu nahian, gure hipokrisia hartzen du hizpide, eta anestesiatuak bizi garela oihukatzen digu. Ohitu egin gara, egunero teleberriak ikusten ditugun bitartean, basakeriarik gogorrenarekin bazkaltzera eta afaltzera. Munduko gutxi batzuek gehiengoen baliabideak ustiatzen dituzte. Horregatik, estatuek armak behar dituzte, ondoko herriei lapurtzeko, eta estatuaren osotasuna mantentzeko. Bitartean, Azoreetako talde horren kuadrillakoek hor jarraitzen dute beraien erritualak antzezten, bakearen eta demokraziaren antzerkia garatzen. Nire lagun Dianak oso ondo erakutsi zidan bereizten hildakoekin mahai gainean lasai afaltzen dutenak, bakearen diskurtso potoloak egiten dituzten bitartean.
Agian, bakea ez dute gorbatadun gizon horiek eraikiko; beste batzuen garaia iritsi denaren susmoa dut. Segur aski, horiek ez dira hain ondo jantziko; mozorrorik gabekoak, baina benetan bakean sinesten duten horietakoak. Ea egia den, eta lehenengoz gauzak ondo egiten diren.
Larrepetit
Bakea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu