Asteburuko prentsak ez du berri onik ekarri. Grazia egiten dit ekonomiaren espresio xamanikoak. Hor egon gara aldagai guztiak irakurtzen, arrazionalki gauzak antolatzen, eta etorkizuna aurreikusteko saioak egiten, baina horrek guztiak ez du ezertarako balio. Ekonomiak, azkenean, nahi duena egiten du. Berdin du Grezian nork irabazten duen. Hizkuntz adituen soinuen erritmo zoroek engainatzen gaituzten bitartean, merkatuek beren dantza ero horrekin jarraitzen dute, gora eta behera, zentzurik gabe.
Krisiak ikaratu egiten gaitu. Jendeak izugarrizko beldurra dauka. Daukagun informazioarekin, ez da gutxigorako. Beldurra bera estrategia bilakatzen ari da. Egun, lau pertsonatatik bat langabezian dago; jende asko ezagutzen dut bere etxea galtzeko zorian dagoena. Atzo, hitzaldi batean, emakume batek argi esan zuen: dagoeneko hasiak gara gosea izaten; gainera, jende asko kalean dago. Baina ez da ezer gertatzen, beldurra daukagulako.
Nire helburua ez da izutzea, guztiz kontrakoa. Hurrengo proposamena helarazi nahi dizuet: ez izan beldurrik. Krisia ez da finantzarioa: zibilizazio krisi bat da, edo krisi moral sakon bati buruz hitz egin beharko genuke. Ez da diru kontu bat, lehentasun kontu bat baizik. Krisi honen helburua diru metaketa erradikalizatzea da. Hau da, gutxi-gutxi batzuek diru asko izateko, beste batzuek gosez hil beharko dute. Mundu honetan baliabide nahikoak badaude denak elikatzeko, denen osasuna zaintzeko eta denak hezteko. Baina helburua ez da jendea elikatzea, zaintzea eta heztea; helburua aberastea da. Gure esku dago aldaketa: kalera ateratzeko eta gure sistema eraikitzeko aukera daukagu. Aste honetan, Donostiako Bulebarrean izango duzue Mexikon izango den goi bilera horri kontra egiten dion herri bilera. Mugimenduak antolatua, eguerditik aurrera, gaur mugimendu feministari tokatzen zaio. Etorri, informatu eta galdu beldurra. Iraultza gure esku dago.
Larrepetit
Beldurrik ez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu