Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Bigarren itzuliaz

2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Zer gertatu da Zuberoako Etxarri herrian, lehendakari hauteskundeetako lehen itzulian hautagairik bozkatuena Marine Le Pen izateko? Lau herritarretarik batek bozkatu du Fronte Nazionalaren alde. Eta Baxe Nafarroako Urepele herrian, Xalbadorren herrian, zer pasatu zaie burutik 30 biztanleri eskuin muturraren alde bozkatzeko? Zer gertatu da Ainhoa lapurtar herrixkan %18k bozka exenofoboa emateko? Alta, Etxarrin ez dago segurtasun arazorik, ez imigranterik Urepelen, ez eta auzune lanjerosik Ainhoan ere...

Telebistaren eragina izanen da, jende ezjakinak bozkatuko zuen, zaharrak izanen dira... Hobe hala balitz. Hedabideen eragina, bai noski, baina kontzientzia osoz bozkatu duen jendea da, eta ez pentsa hain ezjakinak edo zaharrak izan direnik.

Eskuin muturraren tesiak bere egin ditu eskuin errepublikar delakoak, eta ezkerra eskuinaren xedeetara lerrokatu da. Frantziar identitate nazionalaren diskurtsoa eta immigranteen kontrakoa arrunt bilakatu da. Aurpegirik ez duen finantza munduaren ordez, koloredun azalak ezarri dituzte krisiaren errudun gisa.

Lehendakaritza hauteskundea bozka unipertsonala denez, hautagai bakarraren karismak eragin handia du. Nicolas Sarkozyk huts egin die eskuindarrei eta eskuineko erreferenterik gabe gelditu direnean, eskuin mutur moderno batek bereganatu ditu, Bayrou motel, Hollande iheskor, Melenchon estrabagante, Poutou umil eta Joly norvegiarraren parean.

Enbata astekari abertzaleak Hollanden alde bozkatzeko deia egin du iganderako. Hautagai sozialista hizkuntzen Euroituna izenpetzeko eta Ipar Euskal Herrian abiatu den instituzionalizatze prozeduran aitzinatzeko Sarkozy baino bidelagun hobea izanen dela argudiatu du. Marc Legasse, Bigarren mundu gerla amaieran Ipar Euskal Herriko lehen autonomia estatutua idatzi zuenaren hitzak gogora ditzagun: «Euskaldunok ez dugu auzo eta adixkide dugun herri baten barne aferetan sartzerik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.