Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Brigada feminista

2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Gaur emozionatuta nator. Zerk sortu dit poztasun hau? Larunbat gauean Hernaniko Brigada Feministaren parte izateak. Zer da hori? Hernaniko emakume gazte feministek antolatu duten kaleko ekintza izugarri bat. Hernanin sagardotegi denboraldian dagoen giro nazkantea salatu nahi zuten. Tabernak eta kaleak jendez betetzen dira; emakumeen eta gizonen presentzia desorekatua agerikoa da, segituan sumatzen da.

Hona hemen emakume izateagatik gau giroan jasan izan ditugun eta oraindik gure kontra bideratzen diren ekintza matxisten zerrenda labur bat: segituan gerritik eskua sartzea, ahoa lepora eta belarrira gerturatzea, heltzea, bi muxu baimenik gabe ematea, komunean zurekin sartzea, zakila erakustea, txapa sartzea, ipurdia ukitzea,bat-batean aurpegia miazkatzea, zakila ipurdian pegatzea, bi neska enroilatzen ikusi eta praketatik eskua sartzea, bortxatzea, jipoitzea... Gizonezko maritxuek gauza bera egingo balute gizon heteroekin gau giroan, esterminatu egingo lituzkete. Aldiz, Hernaniko Brigada Feminista baketsua ibili zen kaleetatik, festa feminista zabaltzen, batetik, eta, bestetik, nazkanterik, babosorik eta maromorik gabeko espazioak aldarrikatzen. Neskei ikaragarri gustatu zitzaizkien nazkante, baboso eta maromo hitzen definizioak, segituan identifikatzen zituzten espezimenak. Gustura gerturatzen ziren gugana. Tipo asko, aldiz, gure ikurrin feministak hartzen saiatzen ziren, erdian jartzen ziren eta bultzaka egiten zuten dantza. Betikoa, emakume talde bat ikusi eta erdian egon nahi hori! Ondo kudeatu zuten feministek gau hartan matxismo hori guztia, indarkeriarik gabe. Bizkartzainik gabe. Ikas dezala Herrizaingo Sailak. Gu geu, jabetuak eta indartsuak, poliziaren beharrik gabe, heroirik gabe. Gu, gure feminismoarekin, espazioak kudeatzen. Eskerrak eman behar dizkiegu Hernaniko Gazte Feministei, erresistentzia espazio izugarri horiek asmatu etasortzeagatik. Aupa zuek!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.