Hagaxka magikoa nahiko genuke. Hagaxka hartu eta gaizki dagoen guztia aldatzeko. Mugimendu batean. Injustizia ikusi eta, zas! okerra ezabatu. Gizarte desorekatu honetan desegokiari erreparatu ahala, zas! makilatxoa eragin eta egoki bilakatu. Baina ez daukagu. Eta, gainera, egoera bidegabeak mantendu nahi dituztenek guk baino botere gehiago dute eta, hainbatetan, eskuak lotuta ditugula sentitzen dugu.
Dagoeneko, bidegabea bidezko bihurtzeko gure indar xumea besterik ez dugula ikasi dugu. Gutako bakoitzak eragin dezakeen gutxi hori besterik ez dago. Auzi txikitan erabakitzen da norberaren eta gizartearen bizitza. Eta aurrerapen sozialak ekarriko dituen borrokan, ezinbestekoa da aitzindari batzuen lana eta testigantza. Ez da erraza horien egitekoa. Oso bakarrik egoten dira hasieran, are gehiago, kritika gaiztoak jasotzen dituzte, gaiarekin zerikusia ez dituzten helburuak lortzeko ari direla, beste interes batzuk dituztela eta halakoak entzun behar izaten dute maiz. Baina, haien lana eta inplikazioaren fruitua jasotzen dugu besteok gero.
Aitzindari batzuek egin zuten, duela hogeita hamabi urte, urrats txiki bat Donostian. Ordura arteko danborrada guztietan gizonezkoek soilik jotzen zuten. Ordea, Alde Zaharreko Kresala Elkartean emakumeek ere parte hartuko zutela erabaki zuten. Ez zen erraza izan hasiera, garai hartanboterea zeukaten elkarteek oztopatu egin baitzuten. Baina emakumeak jotzen atera ziren. Eta haien atzetik, urtetik urtera, oztopoz oztopo, atera dira ere beste talde guztietan. Egun, ezingo genuke festa beste era batera ulertu.
Horregatik, bihar barrila jarri, makilak hartu eta San Sebastian martxa jotzen hasten naizenean, eskerrak emango dizkiet orduan urratsa egin zuten emakume eta gizonei, umil eta harro. Niri, Donostiako herritar guztiei eta gizarte osoari egin diguzuen oparia eskertzeko.
Larrepetit
Danborra jo dezaket
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu