Larrepetit

Diruari bueltak

2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Aitaren banketxeko bulegoan bisitan, bertako mahaian dagoen guztiari begira txundituta, alabak amari: «Nik, handitzean, aitak bezala egin nahi dut lan, paperei bueltak ematen».

Ama orduan, banku bat zer den azaldu nahian, hasi zaio diruaz hitz egiten, eta bankuek bezero batzuen dirua erabiltzen dutela diru hori behar duten beste batzuei maileguan emateko, eta tartean inbertsioak daudela, eta inbertsio horiekin euren proiektuak martxan jartzen dituztela enpresek, eta inbertsioek etekin gehiago izan dezaten akzioak burtsan jarri eta, han, artekariek egiten dituztela salerosketak, baina tartean espekulatzaileak ere sartzen direla eta bankuek haien transakzioak baliatzen dituztela, gero... Ordurako, alabak minutu batzuk daramatza bizikleta dendako erakusleihoan protagonista den patinete urdin turkesa distiratsuari arreta jarrita.

Eta orduantxe konturatu da ama, paperei ezean, diruari bueltak ematea dela bankuen zeregina.

Pasa dira urte batzuk. Alabak bere bidea hartu du, eta, paperei bueltak ematearena ahaztuta, gaixoak sendatzea du, gaur egun, ogibidea. Zuzenean pairatzen ditu osasungintzan egiten ari zaizkigun murrizketak. Nekatuta iristen da etxera, gero eta gaixo gehiago artatu behar baititu. Baina, antza denez, ezinbestekoa da horrela, krisi garaian ez dago-eta diru nahikorik. Amak ere gero eta neke gehiago ekartzen du lanetik itzultzen denean, eskolan irakasle gutxiagoren artean banatu behar dutelako urtetik urtera handituz doan ikasle kopurua. Baina, esaten dutenez, ez dago beste irtenbiderik, krisi erraldoi honek ekarri dituen galerak direla eta, ez delako gelditzen dena zaintzeko baliabide adina. Halere, ez dira ozen kexatzen. Gertu dituzte okerrago bizi diren senide eta lagunak.

Bitartean, diruari bueltak ematea xede duten bankuak erreskatatzea da euren gobernuen kezka nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.