Arrasto handia utziko ei du 2011 honek herri txiki honen historian. Urriaren 20ko ETAren adierazpenak trabeskako lerro bat marraztu du urtearen bizkarrean eta gizon-emakume askoren bihotzean. Kitto. Barealdia. Zerena ordea?
Europako sukalderen batean inor ezer egosten badabil, ke-erauzgailua jarrita ariko da ze, gurera behintzat, ez da lurrinik iristen. Egosialdi luzea behar izaten ei da halakoetan beratzen luzaro egonagatik ere, badakigu. Lapikokoa plo-plo eta sukaldariak bli eta blo ari badira, gaitzerdi. Mahaia prest dagoenean leihora irten eta egingo digute bazkal-deia. Ala ez? Beharbada, baba platerari ogiarekin ertzak garbitzen ari garela esango digute: «Ez haiz ohartu baina jan ditunk jan beharrekoak». Tonk! Pluja seca gastronomiko-politikoa. Bai ala?
Urriko adierazpenen ostean espero zitekeenaren kontra, ordea, Audientzia Nazionalak ez du bertan behera utzi bere jardun legez armatua. Asteak joan dira berriaren zain, neure baitan imajinatzeraino Angela Murillo, epailez inguraturik, euren ekintzak bertan behera utzi eta txikito bat hartzera zihoazela irakurtzen. Konga bat dantzatzatuz aterako ziren epaitegitik, Pajaritos eta En la fiesta de Blas-ekin jarraitzeko zerbitzari uniformatudun ostaturen batean. Orduantxe bakea. Baina ez. Ez ezta?
Ezetz dirudi. Berripaperean berriak zahar itzartzeko arriskuarekin, lerrook irakurtzen ari zaren unean, Gasteizko eliza batean, hainbat lagun itxialdia egiten ariko dira Ekaitz Samaniegori elkartasuna adierazteko. Zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote: sei Segiko kide izateagatik eta bi tranbiaren geltoki batean kalteak eragiteagatik. Lehena gabe bigarrenak ez leukake zentzurik. Zentzurik gabe dena da lehena, iragana. Eta orain, barealdiaren ostean Ekaitzik ez?
Inuxenteen eguna gaur, errugabeena jatorrian. Besarkada handi bat, Ekaitz.
Larrepetit
Ekaitzik ez barealdiaren ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu