Larrepetit

Elurrarena

Unai Iturriaga.
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
ETAren desagertzearen berri zelan izango genuen galdetu zion kazetariak Gasteizko parke batean. Jesus Egigurenek elurrarenarekin erantzun zion: «Demagun parke hau zuritu duela elurrak. Bihar tenperaturak igo eta lau egunera lurmendu egingo du. Gasteiztarrek ez dute jakingo zehazki noiz izan den esaten. Jakingo duten bakarra da elurrik ez dagoela». Erantzuna ez zen txarra. ETAren desagertzeari buruz soilik izate horretan zuen zuloa nire gusturako. Armadun asko ibili izan da eta dabil gure kaleetan.

Laster beteko da urtebete elkarrizketa hura emititu zenetik eta, oraindik orain, zail da jakiten Egigurenek berak depilatzen dituen aho-bizarrak edo eszenaratze baten sekuentziak baino ez diren haren agerpenak. Edozelan ere, gogoan dut esaldi horren aipamena eginda baten batek zelan bota zidan amnesia kolektiboa aldarrikatzen ari ote nintzen. Ez, ba, txikito! Nire baitan, behinik behin, elurrak memoriaren mekanismoak pizten ditu. Elurte batek aurrekoa dakarkit gogora eta hark haren aurrekoa… Gogoratzen dudan azkenengo elurtea Galiziatik bueltan gentozela izan zen, joan den neguan. Berrogei minutuko bisita batetik gentozen orduan, asko eta asko astebururo datozen legez.

Garaitsu horretan irakurri nuen Mikel Antzaren Ospitalekoak nobela. Bertako pasarte batean, Frantzian preso daukaten protagonistak honela idazten dio bere bikotekideari: «Nola itzuliko gaitun gu? Ez etsaiari errekisatutako tankeen gaineko bizardun horiek bezela, […] Guk ez dinagu halakorik nahi izan sekula. Lehen bezain anonimo itzuli nahi geninake. […]». Eta gehiago ere badio baina estuegia da zutabe hau.

Elurra beraz. Oharkabean joaten den zera zuri hori. Eta harekin batera oharkabean itzuli nahiko luketen istorioetako protagonistak. Badoa eta baletoz. Hipotetikoa baino gehiago da sumatzen den mugimendua, literarioaz gaindikoa esango nuke.

Errealitatea egoskorra da ostera. Meteorologoek eguraldi ona iragartzen dute datozen egunetarako. Kuarteletan ospakizun eguna gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.