Dulce Chacon idazlearen La voz dormida. Irakurri nuenean, ez nintzen preseski lo geratu. Justu kontrakoa. Barrua inarrosi zidan. Izen bereko pelikula egin zuten iaz. Ez daukat ikusteko aparteko gogorik. Pelikula buruan daukat. Nire pertsonaiak. Gainera, Chaconen kontatzeko modua gustatu zitzaidan. Kontatzen duena bezainbeste, ala gehiago. Hori nekez lortuko du filmak.
Madrilgo kartzela batean dauden emakumeen bizimodua kontatzen du. Gorriak direlako daude han. Gorriak ikusten. «Hiltzera zihoan emakumeak Hortensia zuen izena». Horrela hasten da liburua. Hortensia haurdun dago. Eta ez daki laster hil egingo dutenik. Liburuaren azalean, miliziana bat ageri da. Irribarrez. Uribarri zutabeko miliziana, besoetan mutikoa duela, dio argazki-oinak. Hortensia ote da?
Nobela benetako gertaeretan oinarrituta dago. Chaconek lau urte eman zituen emakumeak elkarrizketatzen. Izan zitekeen Hortensia bera. Zergatik ez. Fusila bizkarrean eta umea besoetan duena. Pertsonaiari aurpegi hori jarri nion nik.
Duela gutxi, kasualitatez topatu nuen Interneten. Argazki bera izen batekin lotuta: Manolita del Arco. Bilbon jaioa, 1920an. Gaztetatik Madrilen bizi zen. Alderdi komunistako ekintzailea, 16 urtetatik. Heriotza zigorrera kondenatu zuten. Ez zuten hil. Hori bai, 18 urte igaro zituen kartzelan.
Baina argazkikoa ez da Manolita. Ezta Hortensia ere. Rosita Sanchez miliziana ei da. Eta besoetan duena bere alaba, Irene. Ama ezkongabea zen. Eta Bartzelona defenditzen aritu zen. Nazioarteko brigadista bat ezagutu zuen hala. Italiarra. Eta Italiara joan ziren bizitzera, umearekin. Hori dio behintzat Adriano Cominellik, Rositaren ustezko senarrak, sarean aurkitu dudan eskutitz batean.
Dena delakoa izanda ere. Emakume askoren ausardia ordezkatzen du. Isildutako hamaika bizitza.
Larrepetit
Emakumeen ausardia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu