Oraintxe bertan hitzaldi batean nago, mahai-inguru bat da, izenburua honakoa: Kapitalismo matxistaren aurrean erresistentzia feministak. Ezkutuan nabil idazten hizlariak aurkezten dituzten bitartean. Hitzaldiak aurrera egiten duen heinean ideia bat darabilt buruan: zergatik ez dira diskurtso hauek mass medietan agertzen? Zergatik ez dira horrelako mahai-inguruak telebistan botatzen, adibidez?
Aretoa jendez gainezka dago; hala ere, gutxi gaude. Hainbeste egia esan dira batera, hain baliagarria izango litzateke hemen esandako guztia plazaratzea, ezin dudala sinetsi lau pareta hauetan geldituko denik. Ezin ditut nire 300 hitz eskasetan laburtu hemen gertatzen eta esaten ari den guztia, baina saiatuko naiz zerbait islatzen.
Dirudienez, 2004. urtetik hasiak ziren hainbat ahots krisi hitza erabili nahian. Ahots eko-feministek krisia izendatzeko erabilitako adierazleak ez dira merkatuan oinarritzen, bizitzan baizik. Adierazle horien artean hauek aurkitu ditzakegu: baliabideen ustiapen itzela: naturaren mugak, edota aberatsen murrizketa eta kontzentrazioa versus txiroen handitzea eta ugalketa. Azkenik, eta ahaztu gabe, genero-sexuen esanahiak sortzen dituzte boterezko harremanakekonomia desorekatu honekin oso lotuak daudela, hori betidanik esan dugu. Zergatik ez da krisiari buruz lehenago hitz egin? Adierazleak ez zirelako finantzieroak, ez zirelako merkatuetik eratorritako datuak. Nahiz eta beste ahots batzuk, ez soilik feministak, beste datu batzuk plazaratu, krisia ez da benetakoa izan, edo horrela izendatu, diruaren izenean etorri arte. Horrek, gainera, arazo larriak sortzen ditu, azken finean baliabide sozialak diruari eskaintzen zaizkiolako, biziraupenarekin lotutako arazoak pribatizatzen diren bitartean. Hau da, dirua bankuei ematen zaiela, osasun publikoa pribatizatzen den bitartean. Kontua da: hain zaila da bizitzari begiratzea, zenbakiei baino gehiago?
Larrepetit
Emakumeon ekonomia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu