Energia berriztatzaileen aldekoa naiz, inolako zalantzarik gabe. Disimulurik gabe esan dezaket gainontzeko guziei bizkar emanda bizitzeko ahalegina egiten dudala esna nagoen orduetan. Bizkar eman, zentzurik literalenean. Eta damu naiz aukera hori ez lehenago egin izanaz.
Denbora, pazientzia, umore, indar eta ilusio asko galdu izan dut besteen erruz. Eta ez daude garaiak dauzkagun apurrak galtzeko. Denoi egingo liguke on energia berriztaitzaileetara hurbiltzeak, energia xurgatzaileei ihes eginda.
Ez da beti erraza. Hori egia da. Hasteko, ikusi batera ez direlako bereizten errazak. Intuizio handia behar da kalean gurutzatu eta esateko «hau berriztatzailea da, hango hura xurgatzailea». Badira ezaugarri batzuk kontuan izatekoak, baina nahasgarri ere gerta litezke.
Irribarrea, adibidez. Energia xurgatzailearen ezpain ertzek lurrerako joera izaten dute irribarre egiterakoan; energia berriztatzailearen irribarrea zabalagoa izan ohi da, eta masailetan gorakoa. Ez beti. Begiradak ere asko esaten du. Baina engainagarria izan liteke.
Lehen ikusian esango nuke begietara begiratzen duela berriztatzaileak. Ezagutzen ditut, ordea, begia askatzen ez dizuten xurgatzaile-begiak. Aldea, izatekotan, berriztatzaileak begira diezaiozun begiratzen dizula; xurgatzaileak, berriz, zure begietan barrena ikusteko. Esandakoa. Ez da erraza. Eta ez litzateke oso juxtua izango irribarreagatik edo begiradagatik inor baztertzea. Ez bada emerjentzia egoeraren bat. Horrelakoetan bai aholkatuko nuke, detailerik ttikienari ere kasu egitera.
Energia xurgatzaileak zurrupa dezake zure apurra hitz-erdirekin. Eta ez du zertan hitz garrantzitsua izan.
Ez baita intentzio kontua (kasu larri batzuetan izan ezik). Horregatik dira banpiroak baino arriskutsuagoak.
Eman bizkar erreparorik gabe eta egin apustu energia berrituko dizuten lagunen alde.
Larrepetit
Energiez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu