Greziak zorra ordaintzeko arazoak izanen omen ditu, eta ondorioz banku handien etxeorratzak dardarka hasi dira. Dexia bankua, orain hilabete guti banku segurrenetarikotzat jotzen zena, ondoa jotzekotan da.
Frantziak eta Belgikak salbamendu berri bat egiteko xedea dute. Utz dezatela! Eror dadila!Ez dezatela berriz gure sosekin ordaindu, eta barka diezaiotela zorra Greziari!
Bizkitartean, Ipar Euskal Herriko hainbat herriko etxek pozik hartuko du hatsa. Izan ere, Hendaia, Miarritze, Angelu, Bokale, Bidarte, Mugerre eta Maulek, besteak beste, 4,4 milioi euroko zorradute Dexiarekin. Dexia erortzen bada, zorra ez zaie barkatuko beharbada, baina gutienez baldintzak berriz negoziatzeko aukera izanen dute Dexiaren hartzekodunekin.
Ederra egin dute udalek. Egunean egunekoa kudeatuz, kreditu «toxiko» batzuk hartu zituzten Dexiarekin. Lehen urteetan interes apalekoak baziren, ondorengo urteetan hainbat indizeren araberako interes aldakorrak adostu zituzten. 2 milioitik gorako gainkostua dute ordaintzekoa.
Eta ez du balio ezjakinarena egitea erranez Dexiak iruzur egin diela. Jadanik 90eko hamarkadan halako gertaerak izan ziren, eta geroztik nehork gutik hartzen ditu kreditu aldakorrak Ipar Euskal Herrian. Baina gaur egungo hautetsien jarrera ezaguna da: gaurko asea, nahiz biharko gosea.
Ez naiz maileguetan aditua, baina krisitik krisira gabiltzan honetan, Bidasoaz bestaldeko herritarrak kasu handiarekin ibili beharrekoak dira. Hegoaldean kreditu gehienak aldakorrak izaten dira. Krisi garaian interes tasak apal mantendu badituzte ere, ondoko hilabeteetan interes aldakorrek ziztu bizian egin lezakete gora. Inork ez baitu sinesten bankuek gaur egungo egoera desegonkorrean segituko dutenik. Egoera egonkortzeko modurik eraginkorrena tasak igotzea eta interes aldakorrak igotzea izanen da, dudarik gabe.
Larrepetit
Eror dadila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu