Leihora zigarroa erretzera irteten naizen bakoitzean hortxe daukat, metro gutxi batzuetara, hiltegiko korta. Sarritan, gauez, argiak piztuta egoten dira eta ikusten ditut txahalak nora ezean, elkarren abaroa bilatzen, urrumaka, gauari non arraio dauden galdezka.
Bada, Durangoko hiltegian daude, Erralden. Eta nire irudi sentibera eta bihozkorraren kaltetan esango dut ez didatela bihotzik samurtzen. Samurtasuna platerean estimatzen dutenetakoa naiz.
Urtea amaitzearekin Erralde zarratu egingo duten berria zabaldu zen orain egun batzuk. Ez ei du Europako higiene araudia betetzen. Horrela esanda balirudike arazoa dela bertatik ateratzen den haragia kontsumorako orduan ez dela oso fidagarria. Ez da hori baina koska. Sakrifizio lerroaren egituran ei dago arazoa: U forma ei dauka eta I forma izan behar ei luke. Arazoa higienikoa baino gehiago alfabetikoa dela, alegia.
Orain urte batzuk, artean Erralde osatzeke, pare bat urtez itxita egon zen Durangoko hiltegia. Haragiaren negozioa kontrolpean duten enpresa handiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak Zorrotzako makro-hiltegia hobetsi zuten tokiko hiltegien gainetik. Proiektu hark zenbat milioi irentsi zituen ez dakigu. Dakiguna da uneotan Erralde dela Bizkaiko hiltegi bakarra, ganaduzaleek eta harakinek estimutan dutena, gainera.
Berrizen hiltegi berria eraikitzeko lurrak aspaldidanik ditu Erraldek, baina finantzaziorik aurkitzen ez. Proiektua babestuko duten udalerri gehiagoren babesa eta Zorrotzako porrota bideratu zuen Aldundiarena ere merezi eta behar luke, jakina. Baina produkzio katean tokikotasunak garrantzia duen legez, komunikazioan ere beharko luke. Eta kate hori auzoan bertan hasten da. Are gehiago auzo elkarteak hartu duen jarrera hartu duenean. Ze, leihora zigarroa erretzera irteten naizenean, parean dakusadana ez da arazo alfabetiko bat.
Larrepetit
Erralde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu