Errusiako futbol selekzioko atezainaren drama kontatu zuten lehengoan partidurik gabeko tarte laburretan inork ez dezan Eurokopa ez den beste ezertaz hitz egiteko tentaziorik izan.
Emaztea hil omen zaio orain gutxi. Auto istripuz. Gaztea, liraina, ederra, Errusiako futbol selekzioko atezainari, beraz, Errusiako futbol atezainik onenari zegokion modukoa. Eurokoparako partidak prestatzen ari ziren ordurako futbol jokalariak. Zentzu guztiak baloira bideratuak eta energia guztia hura nola geratu xahutzen ari zela eman zioten berria. Eta hala ere, oinazeak oinaze, lau egunetara itzuli omen zen taldearen atea zaintzera. Orain —argitzen zuen kazetariak musika negar-eragile baten laguntzaz—, amarik gabe geratu diren bere bi txikiak besterik ez ditu buruan Errusiako atezainak; bere bi txikiak, eta hain gazterik joan zaion emaztea (edo «hainbeste maite zuen emaztea» esan zuen? ). Bere futbol taldearen zelaiko ataria argazkiz, kandelatxoz eta lorez josia erakutsi zuten. Eta atezaina, baloiari desafioz «bizitzak kolpatu nau, baina erakutsiko diot nik bizitzari zertarako gai naizen» esanez. (Hau literatura da, noski; atezaina mutu zegoen. Bere eginkizunean konzentratua). Kazetariak amaitzen zuen esanez berebiziko ahalegina egin beharko zuela gizarajoak Errusiak Eurokopan aurrera jarrai zezan. Eta uler zitekeen lerro artean halako tragedia izan duenak merezi duela hainbeste.
Ez du aurrera egin. Futbolak ez daki jokalari bakoitzaren beharrez eta merezimenduz, antza. Edo bai. Eta zentzu onez erabaki du orain atezainak amarik gabe geratu diren bere txikientzat denbora behar duela garaipenak baino gehiago.
Alferrik da ihes egiten saiatzea. Futbolari. Eta destinoari. Ipuinak behar ditugu bizirauteko. Benetako ipuinak. Eta heroiak. Benetakoak. Sufritu arren aurrera egiten dakiten horietakoak.
Larrepetit
Errusiako atezaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu