Gaur urduri nator; ez da arraroa, gauza asko gertatzen ari baitira: mundua eta historia astintzen ari gara. Bestetik, gorputza ere minduta daukat: Oiartzungo Iturriotz auzoan egon nintzen Dantza Bataioia ekitaldian. Lasai, urduritasuna eta mina lotzen jakingo dut eta. Baina, lehendabizi, Dantza Bataioia antolatu zuten neskak zoriondu nahi ditut, kultura, artea eta politika hain ondo uztartzeagatik. Erabat autogestionatua, eta, gainera, dirua ateratzen dute lagundu nahi dituzten proiektuetarako. Horietako bat, kartzeletan dauden adingabeei laguntzen diharduen elkarte bat: Saltando Charcos.
Izugarria izan zen elkarteko kide batek emandako hitzaldia, eta oso beldurgarriak dira espetxe horietan izaten diren egoerak. Berriro ere, eufemismoei eta hitz jokoei esker errealitatea leuntzen da. Kartzelak deitu beharrean, zentroak, erreformatorioakedota berrezitze guneak deitzen diegu. Jotzeari eustea edo geldiaraztea deitzen diote, eta, horrela, adingabeen eskubideak urratzen dira, denen aurrean eta lasaiasko.
Beranduago etxean, M-15eko urteurrenak sortu dituen mugimendu guztiei jarraituz, urduri jarri nintzen. Madrilgo polizia bati zor diot ia urduritasun guztia: bost minutuan izan zuen neskatxa gazte bat paretaren kontra; atzetik heltzen zion, eta, besoa bihurritzen zion bitartean, zerbait esaten zion belarrira. Paketea ipurdiaren kontra, poliziaren gorputza bizkar gainean eta ahoa belarrian. Nik horri eraso sexuala deitzen diot. Horiek babesten gaituzte? Ez, horiek kapitalaren soldaduak dira, horiek izango dira merkatuaren alde egingo dutenak eta, gure eskubideak murrizten diren bitartean, eutsi, estutu eta geldiarazi nahi izango gaituztenak. Urduri eta minduta bai, baina pozik ere banago, mundu honetan jende azkar, aktibo eta inplikatu asko dagoelako eta haiei esker erresistentzia zoragarri hau osatzen ari delako. Eskerrak Ez esaten duten guztiei, eskerrak, lo ez daudelako.
Larrepetit
Ez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu