Unai Iturriaga.
Larrepetit

Filmeko gaiztoak

2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Oscarrak banatu berri diren honetan, mairuerri eta trukumunduetan gertatzen ari denaz kontatzen dizkiguten pelikula ofizialek, zeluloidearen goren gradu Silvester Stallone eta Steven Seagalen filmak dakarzkidate gogora: sekuela bakoitzak bere gaiztoa du Guest Star. Heroia beti bera izaki, gaiztoak dira mudatzen, fikziozko izenez behinik behin, ze, ezagun denez, makillaje apur batekin, estrek batik bat, arabiar penintsulatik Asilahra bitarteko Alazaleenak joka ditzakete eta, estutuz gero, baita Kaukasokoenak ere. Badirudi hainbeste eta hain antzekoak direla gaiztoak, ez dagoela bata bestearengandik bereizterik, non eta batek ez duen grazia Pedro Hilarion, edo apellidubak Urrutikoetxea eta Zurutuza.

Iazko primaderan arabiarrak udaberrian sartu zirenetik, zenbait Guest Star gaiztori gidoia goitik behera aldatu zioten. Lehenago esaldi bat edo agerpen eszentriko bat zeukaten tokian, orain, «epaitu ostean lepa-intxaurra kraskatuko diote», edo «hankapean erabiliko dute mugikorrarekin grabatzen duten bitartean» jarriko du akzioari dagokion paragrafoan. Egingo nuke gaur «Presidente» eta bihar «Diktadore» idazten duten gidoilari horiek ez direla autonomoetan minimoa kotizatu eta «gurasoei kasu egin eta behar zen garaian FP egin izan banu!» pentsatzen ari direnetarik.

Siriari begira gaude orain, hilabete batzuk atzera Libiari begiratzen genion legez. Filmaren produktoreek esan digute daborduko zein diren onak eta zein gaiztoak, beraz, laster gara krispetak beste norabait begira jaten, atzean utzitako pantailan letra txiki bezain azkarrez pasatzen diren also starring horiek guztiek elkarri zintzurra egiten dioten bitartean.

Eta nik lepoa egingo nuke hurrengo filmak ez gaituela, adibidez, Mendebaldeko Saharara eroango, eta ez dela Mohamed seigarrenik agertuko uzkailitako Guest Star. Joan den mendeko gidoilari batek esango zukeen moduan, «putakume bat da baina geure putakumea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.