Nekez berreskuratzen da galdutakoa. Itxaropena galdu bitartean, ariketa beretsuak egiten ditugu denok. Lehendabizi non eta noiz irudikatzen saiatzea, bizitakoari rewind emanez. Memoria ariketa gutxi hain zehatzak. Fotogramaz fotograma, geure burua objektu galduaren jabe ikusi arte. Hantxe bilaketa abenturaren hasiera: halakotan halakorekin topo egin dudanean eskuetan neukan, edo ikusi dut, edo ukitu. Beraz, haruntza itzuli eta atzera berriz bide bera egitea onena. Egin liteke atzera espazioan. Arazoa da atzera-aurre horretan joandako denboran parte hartzen duten faktoreak ezin kontrolatua. Tartean aurkitzaile bat sartu ezkero, galdutakoa berreskuratzeko aukerak erdira murrizten dira. (Eta erdira baino gehiago, aurkitzailea borondate onekoa izan ezkero, borondate onekoak uste izaten duelako gainontzeko guziak bere logikaz funtzionatzen dutela).
Galdutakoa berreskuratzeko beste bidea zoria da. Edo deitu fedea. Aurkitzeko lanetan izerditu gabe, azalduko den fedea izatea. Bada oraindik San Antoniori laguntza eskatzen dionik. Federik ez dion lagun batek esaten du euren etxean zerbait galtzen denero eskatzen diotela laguntza, eta agertu egiten dela galdutakoa gutxien esperotako tokian. Irribarrez kontatzen du, galdutakoa ustekabean azaltzeak ematen duen pozaz.
Gauza bakarra zoriak, fedeak edo aurkikuntza espediziorik prestatuenak ere berreskuratuko ez dizuna: konfiantza. Behin galdu ezkero, akabo. Koordenada agerikoak izaten ditu konfiantza galerak. Badakizu non eta noiz galdu duzun. Badakizu, galera gehienetan ez bezala, zergatik ere. Badakizu inork ez duela topatuko eta galdutako gauzen bulegora eramango. Badakizu ez dela beste inorentzat erabilgarri. Eta, hala ere, ez izan itxaropenik. Konfiantza behin galtzen da. Eta betirako galdutakoen bulegoan geratzen, berreskuratzeko itxaropenarekin batera.
Larrepetit
Galdutakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu