Gogorra egin zait astea hastea. Estatu osoa urdindu egin zaigu. Bagenekien, bai, Marianok irabazi behar zuela, eta hortxe dauzkagu hori berresten duten Genova kaleko irudiak. Zapi urdinak eta Espainiaren koloreak zituzten ikurrinak astintzen ziren bitartean, nire buruak atzera egin zuen. PPk irabazi zuen azkeneko garaiak gogoratu nituen. Aznarren irudia etorri zitzaidan burura, eta egia esan, tripak ere mugitu egin zitzaizkidala. Azoresko argazkia gogoratu nuen, Aznarrek egindako deklarazioren bat, eta horiek sortutako amorrua eta lotsa ere gogoratu nituen. PP boterean egondako garai horietaz oroitzen nintzen heinean, okerrago sentitzen nintzen. Guraizeak ikusten nituen leku guztietatik, aurrekontu guztiak murrizteko erabiliko dituzten guraize horiek, osasun publikoa, emakumeak eta berdintasuna...
Horretan nengoela beste irudi bat etorri zitzaidan burura: Asterix, Obelix eta menderaezina den herrixka. Telebistan agertutako mapen irudietan ikusten ziren Bizkaia eta Gipuzkoa, galiarren antzera, urdin kolorea mapetan mugatzen. Ideia horri eusten nion bitartean hobetu sentitu nintzen, Euskadi is different esan nion neure buruari: «Iraungo dugu urdindu gabe». Nire aburuen haria jarraitzen nuen bitartean, Madril ere gogoratu nuen. Asteburu honetan estatuaren hiriburuan izan naiz, eta han ere galiar asko ikusi ditut. Egondako bilera eta asanbleak oso gertu dituzte hutsarazten ari diren etxe guztiko kideak, oso antolatuak daude, kaleak bizi-bizi daude. Edonon, kartelak, idatziak, elkartaratze deialdiak, atxilotuen salaketak... kaleak galiarrez beteak zeuden, baita Madrilen ere. Ideia horiei esker, lokartzea lortu nuen, begiak ixten zitzaizkidan bitartean, hurrengo hau pentsatzen nuen: mobida kalean dago, gure gizartea ez dago lo, lau urte hauetan bizirik irauteko adina erresistentzia eta disidentzia bermatuko dugu. Galiarrekin egin nuen amets, noski. (Druidak edari magikoa banatzen zuen kaleak hartzen zituzten galiar guztien artean).
Larrepetit
Galiarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu