Etxepeko garajean bada arau bat, seguru asko inon idatzi gabea, agintzen duena alde bateko atea erabiltzeko sartzeko, eta bestekoa, irteteko. Bakarren batek arau horren berri jakin ezean, nahikoa du hormetan itsatsitako geziei erreparatzea. Mutur banatako ateak aurrez aurre daude. Bien artean pasabide luze bat, ezker-eskubi autoentzako kaiolatxoz betetako bidexkak bertaratzen dituena.
Ez dago, noski, zaintzaile uniformedunik, ez radarrik, ez eta isun mehatxurik ere sarreratik irteten edo irteeratik sartzen denarentzat. Bigarren hori, edozein eratara, ez da oso tentagarria, auzoko trafikoaren antolakuntzagatik, auzo guziari buelta eman beharko litzaiokeelako bertatik sartzeko, baina arrazoi beragatik izugarri tentagarria da sarreratik irtetea, buelta eman beharrik ez izateko. Eta tentagarriago, garajea sarrera-irteeratik baino gertuago duen bizilagunarentzat (metro batzuz; ehunen bat, gehienera... etxepeko garajeaz ari naiz, ez Txinako harresietako pasabide sekretuez).
Lur azpiko bidaia miresgarri horren bidez honaino iritsi nahi nuen: ia egunero ikusten dut bizilagunen bat sarreratik irteten. Txarrenean jartzeko berezko gaitz honi esker irudikatzen ditut sarrerako atetik itsu-itsuan ziztuan sartzen diren gaztetxoen bizikletak, besteek baino azkarragoa uste izateak ematen duen azkartasunez irteten ari diren autoen azpian txirtxilatuta.
Ez da horrelakorik gertatu. Oraingoz. Gertatzen denean neure burua madarikatuko dut, hitza atera nezakeenean mutu geratu izanagatik. Baina oso zaila da azkar ustekoari komenientziagatik araua urratzeak ez duela azkarrago egiten esatea. Alferrikako, arauak norberarentzat ez beste guzientzat betebehar direla sinistuta bizi dena komentzitzen saiatzea. Ezinezko, paretako geziak ikusi eta ez ikusiarena egiten duenari ez dela zuzen ari ikusaraztea.
Errazagoa da zutabe bat idaztea.
Larrepetit
Garajean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu