Unai Iturriaga.
Larrepetit

Garzon

2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Auskalo zenbat diren bere bulegotik igaro diren euskaldunak. Zuk eta nik atzamarrak falta erdien erdien herenak zenbatzeko. Justiziarik Ezaren Estatistikarako Instituturik balego, jakingo genuke euretarik zenbat irten diren bertatik Madrilgo arnas ahokada bat hartu eta handik atoan ospa egiteko irrikaz eta zenbat poliziaren furgoi batean kartzelaren batera bidean.

Ez zu ez ni ez gara han izan, eta ez dakigu bost eguneko inkomunikazioaren kontaketa egiteko hatsa bildu zutenei zelan begiratzen zien. Zer pentsatzen zuen alutik makila bat sartu ziotela; barrabiletan elektrodoak jarri zizkiotela; goma aparrez bildu eta gainera jauzi egin ziotela; listin batekin buruan etenik barik jotzen zutela; anaiaren, arrebaren, bikotekidearen garrasiak entzunarazten zizkiotela; bere buruaz beste egin zezan pistola bat eskuan jarri ziotela… entzuten zuenean. Ez dakigu.

Badakigu bera izan zela Dena da ETA, hondorik bako zaku penala sortu zuenetarik bat, terrore judizialaren aitaponteko lehena. Zuzenbideko lehenengo mailako azterketarik gaindituko ez luketen instrukzioen eskribaua. Kanadako parke nazionalen mugak gaindituko lituzkeen egoaren jabea.

Joan direneko bost mendeotako espainiar (eta euskaldun) kretino askok legez, itsasoz haraindiko sukar ametsak izan ditu,El Dorado urliaren biboteetan baitago beti, izan Pinochet edo Videla. Hagatik Besterri-etako gaiztoak atzamarrez seinalatzeko gertu zegoen morroia La Española-ren haga nagusitik zintzilikatu gura dute orain. Ze, mundua biribila izango da, baina Espainia, laua, Valle de Los Caídos-eko hilarria bezain.

Baltasar Garzon. Espainiako ezkertiarren martiri berria. Frankismoaren biktimek merezi ez zuten memoriaren milizianoa,justizia aparatu betokerraren ahots kraskatua. Al alba kantatzen diote goiztirian fusilatu zituzten haiek bere bulegotik behin eta berriz pasa direla jakin gura ez dutenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.