Larrepetit

Gaur, Times Square

2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Iaz, Urtezahar egunez, Times Square ezagunera joateko gogoa zuen Kohei lagun japoniarrak, eta, han, 2011ri ongietorria egitekoa. «Hi erotuta hago» esateko gogoa sentitu nuen kontatu zidanean.

Urtebete lehenago ere saiatu omen zen, baina, eskuko poltsa bat zeramanez, poliziak ez zion sartzen utzi.

Joan den urtekoan, ordea, bai.Noriko beste lagun japoniarrarekin eta harekin zihoazen 6 turistekin, urte berriari ongietorria egin baino 10 ordu lehenago abiatu ziren. Polizia kontrolak pasatu, eta barruan ziren arratseko hiruretarako.

Jendez lepo betetako toki batean, milioi bat pertsona, zutik, hainbeste orduan egon beharra aspergarri samarra egingo zitzaidala aitortu nion lagunari, eta berak onartu, baietz, hala izan zela, baina bizitzan behin hori bizi nahi izan zuela. Musikari famatuen ikuskizunak eskaintzen dituzte zuzenean, eta horrekin jendea entretenitzen dute bola famatua jaisteko ordua iritsi arte.

Baina, aspertzea baino arazo handiago bat egon daitekeela konturatu nintzen, ordea: hainbestekoa da jendetza, behin zure lekua hartuta, ezin zara askorik mugitu ere egin. Eta orduan jakin-mina sortu zitzaidan, eta galdetu egin nion Kohei lagunari: «Zer egin zenuten pixagalea etorrita?». «Pixoihalak jantzita etorri ginen», berak erantzun. «Pixoihalak?». «Bai. Baina kontuan izan, behin bakarrik egin dezakezula gainean», eman zizkidan argibide teknikoak.

Normalean aurpegian antzematen zaio larria daukanari, eta baita lasaitzen denari ere. Eta hori jakin nuenetik, asmakizunetan bezala ibiltzen naiz, eta Times Squaren, denak, pixoihalarekin irudikatzen ditut. Hondartzan uretan sartu, eta ustez disimuluan pixa egin dugunekoa etortzen zait burura. Eta zer esatea nahi duzue, gaur ere ezingo dut irudi hori burutik kendu. Hau irakurri ondoren, apustu, zuetako askok ere ezetz!

Urte berri on denoi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.