Dorre bikiak erori ziren egunetik nabarmen areagotu dira segurtasunaren aldeko neurriak gure munduan. Baina joera lehenagotik zetorren. Hamar urte baino gehiago dira «Segurtasuna bizitza da» bezalako kanpainak ekartzen zizkigutela eskoletara, ikasle guztiak horretaz jabetu zitezen.
Ez naiz esaten ari, noski, lanean seguru aritzea ezinbestekoa ez denik, edo auto istripuak saihesteko urratsak beharrezkoak ez direnik, edo emakumeen erasoak ekiditeko egiten ari garen ahalegina nahitaezkoa ez denik. Baina segurtasuna tranpa da.
Segurtasunaren izenean bilakatu dira susmagarri herritar asko, euren eskubideak guztiz urratuta izan arte. Larria da hori.
Hain larria iruditu ez arren, segurtasunaren izenean aldatu behar izan dugu hainbat ohitura eta jokabide azken urteotan: herrian, kalean, eskolan, jaietan... Edozer da egokia, segurtasunaren izenean bada. Galdetu, bestela, alarde ez baztertzaileko partaideei.
Segurtasunaren izenean, ezartzen zaizkigu aseguruak denetarako: etxeko edukitzaile eta edukirako, etxekoen erantzukizun zibilerako, ibilgailuetarako eta era guztietako istripuetarako. Balizko gorabeherei begira ere aseguruak kontratatzera bultzatzen gaituzte, hala nola bidaia bertan behera gelditzeko arriskuaz edo —zer gerta ere— hipoteka ordaindu ezinaz babesteko. Deskuidatzen zarenerako, ordenagailua edo mugikorra erostean, aseguruaren beharraz suharki hitz egingo dizute, poliza bera hartu behar duzun gailua baino garrantzitsuagoa balitz bezala. Eta ezetz esanez gero, munduko gizaki arduragabeentzat hartuta izateko arriskua duzu. Arriskua. Hori da gaur egun baztertu behar omen dugun gaitz gorrotagarriena. Diru-merkatuek ere arbuiatzen dutena.
Ai! Non egongo litzateke gizakia, arriskatu beharrean segurtasunari heldu izan balio! Futbol jarraitzaile ezjakinenak ere honezkero badaki partidak galtzeko bidea berdinketari eustea dela!
Larrepetit
Gero eta seguruago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu