Danele Sarriugarte
LARREPETIT

Geure genealogien alde

2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Orain bi urte, Iratxe Retolazak gidatutako irakurle eskola itzel horretan, estatu espainiarreko feminismo berriak aztertzen zituen liburua irakurrita sorbaldak altxatu genituelako «ba ok» aurpegiarekin, derrigorrean motz geratu zitzaigulako, beste behin ikusarazi zigulako norberaren historiari buruzko zenbat alderdi uzten diren bazter norberarena ez den ikuspegitik, norberaren ez den hizkuntzan azaltzen denean historia hori, zenbat ertz, zenbat ñabardura, zenbat jakintza.

Zenbat lan, zenbat indar.

Eztabaida bati ekiten diogunean berria delakoan, sarritan ez delako horrela, sarritan egina dutelako gure aurrekariek gogoeta horren jiran, erauzi dituztelako hainbat ondorio, proposatu dituztelako hainbat dinamika eta urratu hainbat bide; urrats horiek ezin ditugulako galdu eta jakin badakigulako arrastoak behar bezala gordetzen ez badira nekez jasoko dituela hurrengoak, bereziki letra larrizko Historiaren aparatuak ezin iritsizkoak gertatzen direnean.

Hitz batean, esperientziak badituelako bere alde onak, nola dituen gaztetasunaren bulkadak, bi-biak osagarriak, horiek elkartzeko zubia sendo eraikitzen bada.

Ederki izerdituta erdietsitako eskubideengatik atzera borrokatu beharra mingots zaigunean, izerdi-tanta horien guztien izaera kolorea zehaztasuna ezagutzea izan daitekeelako bizi-berritzaile, taldean antolatzearen indarra goxagarri, berresten dizulako ez zaudela bakarrik, ez garela zoro bakan batzuk, ez ginela atzo jaio.

Tripetatik bizi dutenentzat ez ezik, mesfidati aditzen dutenentzat feminismo hitza, ezezagutzak sortutako mamu eta aurreiritzietatik askatzen hasteko, borondatea, lehenik, eta ezagutza-prozesua bera, gero, direlako libreago behatzeko gakoa.

Horrexegatik guztiagatik egin behar du aurrera Bilgune Feministaren kronika-lan historikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.