Larrepetit

Gizarte

Arantxa Iturbe.
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Gizarte asignatura bat da eskola umeentzat, eta eskola aspaldi utzi arren ume izaten jarraitu nahi duenarentzat, aitzakia bat.

Gizartearekin amaitzen dira zentzuzko eztabaida guziak. Gaur egungo gizarteak, badakizu. Gizarteari leporatzen zaizkio erruak, akatsak eta ardurak, nork bereak bizkarrean hartu nahi ez dituenean.

Gizarte eredu desberdinak ahotan aste honetan bertan alkate batek, gizarte mota baten aldeko izatea helduago eta arduratsuagoa izatea balitz bezala, beste gizarte eredu baten aldeko apustua egitea baino —eskertu beharko zaio oraindik, gizartea pakean utzi eta gauza bakoitzari bere izenez deitu izana, bere gizarte-eredua jabego pribatuaren defentsa dela adieraziz—. Baina ez dira alkateak gizartea ahotan hartzen duten bakarrak. Ez eta haren izenean edozer onartzeko gai direnak ere.

Gure gaur egungo gizarteak behartzen gaitu nola bizi nahi dugun pentsatzeko betarik gabe bizitzera. Gizarteak hala exijitzen duelako dauzkagu antolaketa negargarriak oinarrizko beharretarako. Gure gizarte hau den bezalakoa delako, garrantzitsuagoa da zer egin duzun adieraztea, egitea baino; zenbat daukazun erakustea, zer izan nahiko zenukeen amestea baino; azkar joatea, nora baino; politikoki zuzena izatea, zeure buruarekin leial jokatzea baino; zer erosi erabakitzea zertarako baino; denboraren kontra ibiltzea, galtzea baino; curriculuma gizentzeko tituluak biltzea, ikastea baino; itxura ona ematea, zeurea azaltzea baino; ezarritako bideetan otzan jarraitzea, berriak zabaltzen saiatzea baino.

Ez dakit ze iritzi duen hau guziaz gizarteak berak. Ez dut inoiz entzun haren hitzik. Garai batean, asignatura izateari utzi zionean, galdetuko nion zer edo zer. Aspaldi bidali nion instantzia ez nuela gehiago haren agintepeko izan nahi adieraziz.

Ez dakit jasoko ote zuen. Ez dakit helbide egokira bidali ote nuen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.