Ipar Euskal Herria karta postal gisa saltzen da atzerrian, baina postaleko irudia zein izanen den ez da hemen erabakitzen. GOazen izena du Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako turismo agenteek turismoaren geroari buruz gogoetatzeko sortu duten klusterrak. Udako bi hilabeteez haratago, urte osoko bezeroak nola erakarri dute helburu, baina horretara heltzeko tresnen eskasia agerian utzi dute.
Lehen oztopoa, Ipar Euskal Herriak instituzio propiorik ez duenez, gaiari buruzko ardura Pirinio Atlantikoetako Turismo Erakundeak kudeatzen duela da.
Hainbat urtez Pirinio Atlantikoen marka saltzen saiatu badira ere, izendapenaren arrakastarik ezak Euskal Herri-Biarno izendapena hobestera bultzatu ditu. Baina dualitate horrek ere ez du nehor satisfos uzten gure herrian, Ipar Euskal Herriko eta oro har Euskal Herri mailako turismo marketina nahiago baitute.
Ekonomi eta zerbitzu arloetan bezala Lapurdi kostaldeko turismoa eta Baxenabarre eta Zuberoako turismo eskaintza nola orekatu eta nola egin bateragarri dira kezkagai. Barnealde eta kostaldearen arteko garraioak hobetu, eskaintza komunak egin, fiskalitatearen inguruko aplikapen ezberdinen koherentzia, baliabide naturalen kudeaketa arduratsua, ingurugiroa babesteko praktika onen gida bat sortzea, lur beharrei aitzin egitea, seinaletika harmonizatzea dira besteak beste turismo agenteek dituzten galderak eta Pirinio Atlantiko mailan erantzunik gabe geldituak.
Ekonomiaren funtsa lurralde baten identitate eta kulturan oinarritzen dela kontuan izanik, turismo agenteek ere dualitatearekin bukatu eta Ipar Euskal Herriak turismoari buruzko eskuduntza izatea galdegiten dute. Hamarkadetan frantsestasunaren eta statu quo-aren aldeko gotorleku izan den sektorea ere mugitzen ari da. Denborak aldatuz ari diren seinale.
Larrepetit
GOazen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu