Unai Iturriaga.
Larrepetit

Gure hitzak

2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Denborak itzelak eta hitzenak egiten ditu. Milaka urte dituzten haitzei ertzak borobiltzen dizkien legez, mudatzen ditu esanguraz ehundazak dituzten hitzak. Askatasuna datorkit gogora, brunete mediatikoaren erasoaldian eroria, artean gazte, gure imajinarioaren hegoaldeko parajeotan. Lubaki lohiren batean, euskaraz baizik ez zekiten haietakoren baten ezpainetan hila haren arreba Liberte. Demokrazia, hautestontzi batean gatibu hartu ostean, elikagaiak ukatu eta ahiduraz hila mesetan. Frankistek belaunak kuxinetan haren omenezko mezetan.

Eta astea ez dator santu. Berriro ahotan hartzen hasita geundenerako desjabetu dute Amnistia. Ez da amnistia osoa, ehuneko hamarrekoa da. Madrilen asmatu ote duten ez dakit baina neurri neurrikoa dirudi, askatasuna eta demokrazia ere neurri horretan ulertzen baitituzte, ehuneko hamarrean. Gainerako ehuneko laurogeita hamarra iruzur semantiko, sentimental eta sinbolikoa da, telezaborrez, kirolez eta urkoaren minaren erabilera makiabelikoaz betetzen den ganora bako trumoia. Baina Cayman uharteetan urteko batez-besteko tenperatura 24 gradukoa da, eta haltzak bihotzik ez badu, ez diogu diruari halakorik eskatuko. Dolarretan ez da Iparragirreren bizarrik ageri.

Baina ez dago beti kanpora begira ibili beharrik. Batasunak, San Migelen ezpatak moztuta nola, Aralar izan zuen zatiki. Orain Aralarri Aizkorri dario eta Urbiako landa gora-beheratsuetan ezin igarri herrena denik San Inazio. Urtebete bada Sortu sortu ezinda dabilela Madrilen eta, gaztelua zubi bihurtu arren, gaztelauek inguratua Amaiur. Polietika bera oximoron bat da gaur egun.

Metaforen gerratea irudikatu zuen behinola Igor Elortzak bizi dugun berbazko gatazka berbelikoari bihurritu poetiko bat emanda. Merkel saldu gura gaituztenei hiztegiak jaurtitzeko ordua da. Eutsi Godot, eta eman dezagun umore!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.