Goizeko zortzi eta erdiak aldera hasi zela zerua belzten. Garrek gorritu zutela gero lurra, txilioek gortu jendea, gorpuzkiek iruntzietara jarri begiak. Hautsa, behe lainoa balitz legez, guztia estaltzen zuen hautsa gogoratzen zuten gero. Eta hainbeste gogora ekartzen ez direnak, ihesi zihoan jendea akribillatzera etorri ziren ehiza-hegazkinak. Martxoak hogeita hamaika zituen, hirurehundik gora Aviazione Legionariak.
Hirurogeita hamabosgarrena beteko da Durangon zapatuan, aurrerago Gernikan eta beste herri batzuetan. Argazkiak, korbatak eta telebistako kamerak ugarituko dira eta guardiako loradendaren bati ez zaio lanik faltako. Ez dago txarto, gogoratzea ona da. Pena akordurik zeukaten gehienez, behar zenean, gutxi batzuk baino oroitu ez izana.
Eta arriskuak. Bonbardaketak gertakari isolatu legez gogora ekartzeko arriskua bat. Ezerezetik agertu balira legez hegazkinok, herio-kargak jaurti eta gerra artxibategi bateko apaletan tolestera joateko. Italiarrak, alemaniarrak, mairuak… Gaiztoa arrotz eta ostantzean anai arteko zoritxarreko gerra. Hautsik harrotu barik egin dezagula bidea, horra idatzi bako kontsigna.
Bestela, galdetu beharko genuke zer gertatu zen hegazkinok ortzemugan desagertu zirenean, Cappa, Steer eta abarrak auskalerrietako gerretara joan ostean nor jabetu zen urliaren etxeaz, sandiaren okindegiaz, nork desagerrarazi zuen berendia, nork salatu hau, nork bortxatu, zapaldu, umiliatu, esklabo bihurtu hura…
Edo denboran gertuago, zenbat behar izan zuten batzuek balkoietan rojigualda jartzetik ikurrina jartzeko, alkandora mahuka-bildu urdinetatik burberrys urdin-zerutiarretara igarotzeko, frankistatik demokratara, borrerotik biktimara…
Hirurogeita hamabost zapatuan. Eta Durangori arnasa ematen dion zeruan gerra hegazkinik ez. Lurrari erreparatuz gero, ostera, ikusi gura duenak ikusiko du zelan haien itzalak, oraindik orain, gureen gainetik igarotzen diren geldo, astun, isildutakoez beteta sabela.
Larrepetit
Hegazkinen itzala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu