Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Hitza hitz

2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Hollande, igandeko bozen lehen itzulirako aurreikuspenek oilarturik, oilandaren lanean aritu da azken egunotan, urrezko arrautzak hitzemanez: gutieneko soldataren igoera, erretreta 60 urtetan hartzeko zuzenketa baldintzatua, enpresari handiei soldatak mugatzeko xedea eta Merkelen finantza politika merkealdian ezarriko duen promesa. Erranak erran, ez dugu uda osoa ezustekorik gabe pasatzen ahalko, aitzinekoek egin politikaren aitzakian, austeritate neurriak hartuko baititu berak ere.

Bankiarekin gertatu bezala, Frantzian ere hainbat banku zerrenda beltzean daude, baina hori hauteskundeen ondotik jakinaraziko digute. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bi diputatu eta erdi hautatu beharko ditugu igandean, Zuberotarrek biarnesekin erdibana partekatu behar baitute legebiltzarkidea. Jean Grenet, Jean Lassalle eta Michèle Alliot-Marie, iragan berri den agintaldian Asanblea Nazionalean parte hartze tasarik apalena duten hiru diputatu. Alliot-Marieren kasuan normala izan liteke, ministro garaian Daniel Poulouri utzia baitzion aulkia, baina hau ere, zerrendako azkenetan. Hainbestekoa da gure diputatuen absentismoa, non legebiltzarreko arautegia hitzez hitz betearaziko balute absentziagatik zigortuak izan beharko luketen. Batzordeetan, lege proposamenak egiterakoan, hitza hartzerakoan, hirurak azken putz.

Jean Lassallek bai, hitza baino, kantuan egin zuen Asanblea Nazionalean, eta telebista guztietan ikusi genuen nola aritu zen kantuz bere herriko... Jendarmeria atxikitzearen alde.

Beste behin ere abertzaleak zatiturik joanen dira, EA berdeekin eta EAJ bere kasa joanen baita. Batasuna eta AB EHBai koalizioaren banderarekin joanen dira, eta hirugarren tokia eskuratzea izanen dute helburu, bigarren itzulira sailkatzeko esperantzarekin.

Emaitzak emaitza, abertzaleek jadanik irabazi dute, berezko instituzioa eta euskararen ofizialtasuna hautagai guztien ahotan izan baitira egunotan. Orain, hitza betetzea eskas dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.