Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Hollanderia

2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
François Hollanden lehen gobernua osatu da. Jean-Marc Ayrault, orain arte Frantziako Asanblea Nazionalean sozialisten bozeramailea, lehen ministro izendaturik. Martine Aubryk gobernuari emanen liokeen itxura ezkertiarragoa gabe ere, Baionako katedraletik so eginik, gobernuak ez du hain itxura txarra. Manuel Valls (Barne ministroa) eta Laurent Fabius (Atzerri ministroa) alderdiko jakobinoenak bertan izanen dira, baina Hollandek ez zezakeen bestela egin. Gozategik erranen luken gisan, ministro fistroak.

Christiane Taubira Guyanako diputatua Justizia ministro izendatzeak bat baino gehiago harritu du. Guyanaren aldeko independentista ohia, euskal gatazkaren bideratzeko lagungarri izan daiteke.

Gobernuak bost ministro bretoi ditu. Marylise Le Branchu (Deszentralizazio ministroa) interesgarria izan daiteke Bretainiaren bat egiterako, baina lehen ministroa eta Naonedeko auzapez eta diputatua arrunt kontra izanik, aukera guti. Bestalde, Le Branchu, Lionel Jospinen garaiko Justizia ministro izana, euskal presoen Euskal Herriratzearen aurka agertu zen garai hartan. Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioari buruz, berriz, ageriko zer jarrera duen. Aitzitik, Cecile Duflot berdea lurraldeen berdintasunaren ministro izateak lagun dezake.

Hezkuntzari dagokionez, Vincent Peillon ministroak Nicolas Sarkozyk irakasle postuetan egindako sarraskiari itzulia emanen diola espero da. Hizkuntzari buruz, berriz, ez du aparteko adierazpenik egin orain arte. Aldiz, Taubira, Le Branchu, Lurel (Itsasoz haraindiko ministroa), Duflot eta batez ere Jean Yves Le Drian bretoia (Defentsa ministroa) Euroitunaren berresteko eta hizkuntz lege bat aitzinera ateratzeko gakoak izan daitezke. Jean-Marc Ayrault, Michel Sapin (Lan ministroa) eta Aurélie Filipetti (Kultura) ere diputatu zirela hizkuntzen ezagupenaren alde agertu ziren. Ea boterean ez duten iparra galtzen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.