Esan izan didate ze polit idazten dudan. Idatz ditzaket munduko hitzik goxoenak, eta zakarkeriaz hitz egin. Idatz ditzaket munduko hitzik orekatuenak, eta desorekaz jokatu. Idatz ditzaket munduko hitzik ironikoenak, eta umorea zer den jakin ez. Idatz ditzaket munduko hitzik zehatzenak, eta galderarik errazenari bi hitzetan erantzuten asmatu ez.
Esan izan didate zenbat gustatzen zaien nire mundu ikuskera. Idatz dezaket zentzuaz, eta batere ez izan; idatz dezaket errespetuaz, eta egunero galdu; idatz dezaket justiziaz, eta albokoa era injustuan tratatu; idatz dezaket maitasunaz, eta gorroto-jario etengabean bizi; idatz dezaket adiskidetasunaz, eta nori kontaturik aurkitu ezin; idatz dezaket entzutearen garrantziaz, eta neure burua beste inorena ez entzun; idatz dezaket sentimentuez buru hotzez, arrazoiaz, bihotzez.
Esan izan didate harritu izan ditudala gaien aukeragatik. Idazten dut munduaz, ezagutu gabe; jendeaz, entzun dudanagatik, esan didatenetik; gertatuaz, omenka, eta gertatzear denaz, oteka. Iruditzen zaidana, ematen duena, uste dudana...
Idatzi izan dut idatzitako guztia ezabatzeko; idatzi izan dut behin eta berriz pentsamendu bera, pentsamendua baino esaldi borobilagoa lortu nahian; edo alderantziz. Idatzi izan dut gogorik gabe, eder, eta gogo biziz, narrats. Idatzi izan dut idatzitakoak soinu ederra izan dezan, besterik ezean. Idatzi izan dut lerroei baino lerroartekoari garrantzi gehiago emanez. Sakrifikatu ditut ideiak, hitz egokien faltan, eta erantsi hitz egokiak merezi ez duten ideiei.
Idazten dudanagatik zoriontzen naute, edo errieta egiten; mirestu edo kritikatu; goraipatu edo zuzendu; maite edo mesfidantzaz begiratu; estimatu edo begitan hartu. Idazten dudanagatik ezagutu uste naute.
Ez nahastu. Ez naiz idazten dudana. Gehienez ere, (ez beti), idazten dudana izan nahiko nuke.
Larrepetit
Idazteaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu