Bost urte egin ditut Tolosan lanean, eta denbora horretan bere ohiturak maitatzen ikasi dut. Horietako bat: inauteriak. Ikaragarria da herriak kalea horrela hartzea eta mozorroari horrelako omenaldia egitea.
Txikitan barrakak ziren nire desiraren objektu: matxinsaltoa eta olagarroa. 16 urteekin han ezagutu nituen nire lehenengo trabestiak edo Drag Queen-ak. Zoragarriak ziren, Tolosan zegoen diskoteka batean egoten ziren urtero. Orduak pasatzen nituen emakume hiperboliko horien atzetik. Kanpotik etorritako, benetako, maritxuak eta trabestiak ziren. Beti bezala erreferenteen bila.
Nire bizitzan inauteriak, mozorroak eta performanceak oso garrantzitsuak izan dira. Normatibitateak gorputzak espazioan eta denboran linealki kokatzen ditu: inauteriek lerro horretan etenaldi bat suposatzen dute. Horretarako, mozorroak erabiltzen dituzte, eguneroko nortasunari ihes egiteko. Beste era batera esanda, egunero gure nortasunari heltzen dizkioten hari normatiboak moztea da helburua.
Gainera, inauterietan gehien transgreditzen diren arauak genero arauak dira. Gehienetan, gizonezkoek beste generora egiten dute salto, eta emakume izateaz disfrutatzen dute. Hala ere, gehien harritzen nauena da horrelako festetan transgresioa eta normatibitatea uztartzen jarraitzen direla. Dena hankaz gora jartzen duen erritual horrek tradizioaren ohitura tonto batzuk mantentzen ditu. Kontraesankorra izan arren, dirudienez genero arauak zentzu batean apurtzen dira: gizonezkoek emakumeen errepresentazioaz edo performaceaz jabetzeko eskubidea badute. Baina emakumezkoek nahiko lan daukagu gizonezkoekin era parekide batean espazio publikoan egotearekin; gehienetan, gainera, hori ere ez dugu lortzen.
Gehien alaitzen nauena hurrengo hau pentsatzea da: segur aski nik ikusiko dudala tradizioak agintzen dituen ohitura tonto horien desagerpena.
Larrepetit
Inauteriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu