Larrepetit

Irabazlea

Unai Iturriaga.
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Domeka goiza auzoko tabernan.Nik zuri hau eta zuk niri hori emateko elkartu dira bata eta bestea. Hatan horretan, besteak bataren atzamarrei erreparatu die. Azazkalak jaten dituela ohartu da, eta esan egin dio. Bata ustekabean harrapatu du komentarioak. Betidanik jaten dituela, akordurik duenetik bederen. «Baina hi irabazle bat izan haiz beti, ez?», besteak tupustean.

Batak, posible balu, denbora geratuko luke hemen. Behin baino gehiagotan dolutu zaio orainaldiak pause botoia zanpatzeko aukerarik ez izatea. Ez da posible ordea, ezin liteke. Azazkalei begiratu die begi kliskada batek dirauen denboran eta, gero, alferrik saiatu da garuneko errepide mapako butxadurak askatzen. Txapa istripurik ez, baina arrisku latza bai. Erantzuten saiatzen bada, txapa arriskua dago.

Besteak ohartua behar du honezkero jokoz kanpo harrapatu duela. Seguru asko itzelezko lerdo bisajea geratu zaio batari eta, erreakzio azkarrik ezean, adurrak gainezka egingo dio ezpainen uhateetatik.

Irabazlea?… Memoriaren trackpad-ean labandu du atzamarra eta ez du aspaldi handian ezer irabazi duenik adierazten dion irudirik aurkitu. Izatekotan ere, egindako lanengatik ordaintzen dioten dirua, laurogeita hamar egunera ordaindua goizenik. Fokuen argipean lan egiten du zenbaitetan, baina argi iturriaren watt-ek egitenal dute bat irabazle?… Ez ote daki besteak fokuak itzali egiten direla, sortzen duten beroak erreta lehertu egiten direla bestela?… Irabazlea. Ondoeza eragin dio halako berbondokoak.

Batak pentsatu nahi du profesionala dela egiten dituen zeretan, ogiari eta biziari egiten diela bide, aitak iturgin ari zeneanlegez, amak berea eta besteren etxeak gobernatzen dituenean legez.

Eta gogoratu da ez direla hilabete asko bizitzan estrainekoz artaziekin moztu zituela azazkalak. Itzelezko garaipena batarentzat, bestearentzat…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.