Larrepetit

Iragarkiak

Unai Iturriaga.
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Txarangak barikuan utziko dio jotzeari eta domekan amaituko da festa.Makillajea kendu eta karpak batzeko ordua.

Hego Euskal Herrian gertatuko denaz badaude askatu beharreko inkognitak. Edozelan ere, domekakoak baino datozkeen biharamunek kezkatzen naute gehiago.Irudipena baitut urriaren hondarretan filma bat ikusten hasi ginela eta, hura moztu eta hamabost egun daramatzagula iragarkietan.Iragarki txarrak gainera.

Erostea erabaki dudan produktutik ez ditut gustuko ez izena eta ezta dakarren urdin kolorge triste hori ere. «Pantone askatu!» oihukatzeko gogoa sortzen dit. Edozelan ere, orean ei dago koska eta erosiko dut kosta ahala kosta.

Erosiko ez ditudanen artean denetarik dago. Berdez datoz euskadiren aldekoak. Baina buruzagia Bildu izeneko zerbaiti buruz hizketan hasten den bakoitzean, ahoan Finish Quantum pastila bat sartu diotela dirudi, Exorzistako neskatoari baino bits gehiago dario ahotik gizonari.

Popularrak ez datoz tabakoa saltzera. Kea bai agian,pipatzekorik ez ordea. Basagoiti agertzen da asko, baina ona, benetan ona, Barreda da. Tipo hori garbikari baten iragarkian mekanikoarena egiten ikusi eta sinetsi egiten duzu.

Rubalcaba saltzera etorri zaizkigunerako, bistan dago horiek fabrikazio planta geldirik daukatena. Tipo horrek hiru hamarkada daramatza biltegitik eskaparatera joan etorrian. Gainera, gurean jarri dioten komertzialari trajearen maukak luzeegi geratzen zaizkio.

Produktuak egileak baino hizki gehiago eduki ditzakeen erakusgarri, horra Ezker Batua-Berdeak-Ezker anitza. Telezaborra eta politikaren arteko hibrido bat gura baduzu, tori UPD.Axularrek egundo bozkatuko ez zukeena, Geroa Bai.

Horra. Iragarkiak gehiegi luzatzen direnean hegoa sartzen zait ganbaran. Sarrionandia tuneatuz bukatuko dut: «Eta orain, lore jokoen ondoren, zer iruditzen zaizue politika egiten hasten bagara?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.