Barkatuko didazue gauzak asko ezkutatu gabe eta zuzen esaten baditut. Oraintxe bertan, modan dauden eztabaida horietako batetik nator, ixten ari diren enpresa eta industria guzti horiek ziren hizpide. Gehien amorratzen nauena langileen erabilera estrategikoa da. Bai eskubikoek, bai ezkerrekoek eta bai denek euren diskurtsoak langileen desgraziak ahoan dituztela hasten dituzte. Orain bai, irakurketak laburrak eta errorik gabekoak izango dira: «Langile gaixoak, beste lan batean formatu beharko dira, bere kabuz merkatuetara salto egin, autonomo egin, eta horrela ekonomia eta beraien buruak salbatuko dituzte».
Ez dakit nola iritsi garen langilegoen eskuetan merkatuen salbazioa jartzera. Ez zen alderantziz? Non daude gobernu publikoek merkatuak salbatzeko txertatu zituen milioi guzti horiek? Espekulazioa asetzen, merkatu psikopata eta odoltzale horien sabeletan. Krisi momentu honetan, burtsa merkatuetan gutxi batzuek egun batetik bestera milioika diru irabazten ari dira. Esaten ohi den bezala, «boltsan jolasean ari dira». Horrelakoa da mundua: gutxi batzuek, besteekin eta beraien bizi baldintzekin jolasten duten bitartean, aberastu egiten dira. Eskolako bullying sadiko horietako bat dirudi.
Ez dugu ahaztu behar itxi egingo dituzten enpresa horietako askok irabaziak dituztela, eta soilik proletalgo merkeagoen bila ihesi doazela. Ez dakit nongo, zein herritako, 8 urteko nesken eta emakumeen bila, egunean hiru dolar baino gutxiago irabazten dituzten horietako baten bila.
Nire iritzi apalean, guzti honek zera frogatzen du: kapitalismoaren porrota —kapitalismo honi beste hainbat gauza sartuko nizkioke, horietako makro-hitz eder bat eginez: hetero-kapitalismo patriarkala—. Baina, dagoeneko, lehen lo zegoen jendarteko multzo garrantzitsu bat konturatzen hasia da, eta iraultzen eske dator. Langilegoa horien artean topatzea espero dut.
Larrepetit
Iraultza badator
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu