Oso iritzi gutxikoa naiz. Gordea ez daukat bakarra. Asko kostatzen zait iritziak gordetzea. Gorde ditzaket sentsazioak eta irudipenak, baina iritzirik apenas. Iritzia ez da irudipen, ez sentsazio. Iritziak arrazoia behar du alde batera edo bestera egiteko. Iritziak barne hizketa eskatzen du eta ezagutza eta erabakitzeko gaitasuna. Iritzia ez da oihuka bestearenari gailentzeko adierazitako hori. Iritzi ozena ez da iritzi indartsuagoa. Nork berea duela esaten da, eta batzuk berean tematzen dira, berea delako bakarrik. Norberarena izateak besterena baino hobea bihurtzen duelakoan. Eta harro aitortzen dute beti berbera izan dutela, gainera. Iritzia aldatzea kaltegarri edo iraingarri balitz bezala.
Ez dut iritzirik gordetzen. Gordetzen diren iritziak usteldu egiten dira beren gordekutxan. Iritzikumeek denbora behar dute ontzeko, eta iritzia osatzeko urtetako ahalegina egin duena, behin adieraztearekin ez konformatzea ulertzekoa da.
Ez gordetzez ez ditut gordetzen iritzi sailetara isuritako lerroak ere. Ez eta hitzik ere. Eta ez dakit den aldi oro iritzi urriko batek iritzi sailean zer arraio egiten duen galdezka ez hasteagatik, edo arrazoi koldarrago batengatik: adinean aurrera zoazela zer kontatu berririk ez duzula onartzea zimurrak naturalak direla sinestea baino gogorragoa delako.
Gorroto ditut zezenketak eta azkar usteko jendeak. Liluratzen nau txinpantzeak gutako asko baino pertsonago izateak.Amorrarazten agintzeagatikagintzen duenak eta asaldatzen, agindu horiekin, min egin eta axola ez zaionak. Eta beldurtu, ia denak.
Baita hau guzia noizbait nonbait aitortu izanak ere. Bizi baino gogoratu gehiago egiten den adinean abiatu naizela esan nahiko lukeelako. Eta idatzitako lerroak ez bezala, iritziak gordeak ditudala ere bai.
Eta ez dauzkat gordeta.
Nire iritzirako. Orain eta hemen dudan iritzirako.
Larrepetit
Iritziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu