Kaixo, Ismael. Ederra egin duzu orain ere. Jakitun izango zara honezkero Gabonetako idazlan lehiaketako lehenengo saria eman dizutela. Andereño Lourdesek esan digu gaur goizean. Guztiok idatzi genuen ipuin bana (ez zen derrigorra eta bazen) baina zuk beste zeozer idatzi ei duzu, ez ei da ipuin-ipuina, Barrenkuko abaderen baten kontuak moro-lurretan, edo antzeko zeozer. Leloa zara, ba! Ondotxo dakizu hemen abade kontuak estimatuak direla beti.
Astotxo, ostera, sutan paratu da. Badakizu, Mantxuenekoa, aittitte Marruekoseko gerratik esku bat bertan utzita bueltatu zena. Orro batean hasi ez da, ba, zer ete dakizun zuk moroei buruz. Bere aittittek bai akabatu zituela moroak zientoka, hainbesteraino ze, hango denak akabatu ostean Filipinasetik eroan behar izan zituzten dozena batzuk Mantxuaren grinak asetzeko. Esan diot esan Filipinasen ez dagoela mororik, eta horregatik daukat oraindino matrailezurra minduta.
Arratsaldean Obispoak ekarritako Celtasak erretzera joan gara. Nik uste nuen paperak, hazizurria zenuelako ez zentozela eskolara, baina Obispoak (dotoreen berak erretzen du) blausta bota du kerubin hutsak garela, belaungorri inozobatzuk. «Ismaelek ez deuko paperik!» esan du, eta, gero, kezko eraztunak egin ditu gure inbidiarako.
Hori bai, andereño Lourdesek argi utzi du saria banatzen den egunerako ez bazatoz (uleko marra ondo eginda eta azazkalak garbi) ez duzula jasoko, parrokiari emango diotela karidadean. Kaligrafia koadernoak, polboroiak eta koñak botila bat (etxeko nagusientzako) ei da saria. Obispoak dio polboroiekin «Pamplona» esatea daukatela baina koñak botila hori berak galduko duela parrokiara bidean.
Holantxe, ba, Ismael, gustura joango nintzaizuke bisitan, baina ez didate uzten. Kutsatzeko arriskuagatik dela diote,paperak oso konplikatuak ei dira. A! Eta gure arrebaz ahaztu, Culturaleko atezainagaz txolinduta dabil. Laster arte, Ismael.
Larrepetit
Ismael Larreari gutuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu