Larrepetit

Iturrian zer dagoen

Unai Iturriaga.
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Hauteskundeen durundia heldu, heltzen da etxeraino, iparrak jotzen duenean Iurretako erromeriaren soinua legez, Ai Anselma edo Ilargia kantatzen ari diren ez dakizula.Azaroa, baina, ez da maiatza, eta udagoiena etxean sartzen denean, hormetan eta izaretan ez eze, giroan ere itsasten da inoiz.

Esan ohi da berri txarrak muturren aurrean lehertzen direla, granada baten moduan.Batzuetan, ostera, mahai-zapiaren gainera baso bete ardo erortzen denean legez izan ohi da, hainbesteko bortxarik gabea. Astiro-astiro hedatzen da, eta esku-trapuarekin itzuli garenerako, atzera bueltarik ez duen orban morezta zabalegia da.Ez dela justua esaten diogu geure buruari eta, hala ere, edalontziak lehen bezain aho zabalik begiratzen digu. Ez erantzunik espero.

Zoriontsu izateko eskubideaz gainera, izaten saiatzeko obligazioa dugula irakurri dut, geure ardura ere badela. Bizitzaren alde mingotsari atxikita irautea hautu bat dela hein batean. Direnak eta ez direnak biltzeko eta xurgatzeko darabilgun esku-trapu horri bihurritu on batzuk eman eta haizetara eskegi behar dugula lantzean behin, gure bihotzen antz handiegia hartzen duela bestela. Bizitzari begietara begiratzeko bezain egoista izan behar genukeela behintzat. Gure lekuan egingo duenik ez dago.

Berbak. Haizeak daroazen berbak baino ez. Iritziz mozorrotutako lau soseko lirika gerta dakioke bati baino gehiagori, baina sufrimenduaren goren graduaren gorazarrean hezitako komunitate honetako norbanakook ere badugu geure ardura.Pozez hil denik ez dugu ezagutu, baina ez gaitzala garratzak bizi, ez diezaiogun geuk egin jatena kokoari.

Gaur ez denez bihar, eta etzik barikutik baino auskalotik gehiago duenez, utzidazu Ruperren disko berriko kantu hau jartzen. Seigarrena da eta honela dio: «Gerritik heldu eta/ goazen ikustera/ iturrian zer dagoen…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.