Udazkenean jantzi iritzia sailarekin», irakurri nuen berripaper honetan irailaren hasieran. Zapata baten lokarriak biltzen zituen ondorengo hilabeteetan iritzia sailean parte hartuko genuenon izenak. Lokarriaren irudia lotuta (halabeharrez) geratu zitzaidan, baita esaldia ere. Batez ere, janztearen esanahia izan zen gogoetara eraman ninduena. Janztea al da xedea?
Aurrekoan, Bertsolari filma ikusi nuen. Ipuin kontalari batek, sortzen hasteko, aurretik ikasitako bertso guztiak ahantzi, desikasi, egin behar zirela adierazi zigun. Eta, hara hemen berriz, gogoan neraman gaia. Pilatu ala hustu? Jantzi ala erantzi?
Edukitzea lehenesten duen gizarte honetan, jakintzak metatzea ere bilakatu da helburu. Oinarrizko ikasketak bukatzean, goi mailakoak behar dira eta horien ostean, graduak, graduondoak eta era guztietako osagarriak. Gutxik ihes egiten dio joera horri. Horrela gabiltza ere, erdi erotuta, nire belaunaldikoak, lanaldia bukatu eta atzerriko hizkuntzak ikasten, ingelesa ez dakiena bat-batean analfabeto balitz bezala. Eta oporraldiak kontatzen ditugu ibilitako kilometroen edo eta ezagututako tokien eta bizi izandako esperientzien arabera. Eta… pilatu beharraren mukurua! Desikastearena ere beste ikasketa bihurtuta, jakintasunera eramango gaituzten ikastaroetan sartzen gara eta autolaguntzako liburuak irakurtzen ditugu, haietatik jasotzen ditugunak biluzte bidean erabili beharrean, gure diskurtsoetan erantsi ditugun sendakuntza, konexioa, energia eta dolua bezalako hitzen bilduma egiteko.
Jakin badakit metaketa guztiak ez direla maila berekoak, baina, filmeko ipuin kontalariak zioen bezala, nago jakinduriak joan-etorriko bidea duela eta iritsi beharko zaigula janztearen grina alde batera utzita, eranzten hasteko garaia.
Zer esango dizuet nik... arropa geruza mordo bat jantzita nabilena beti!
Larrepetit
Jantzi ala erantzi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu