Unai Iturriaga.
Larrepetit

JEL

2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Joan den udagoieneko kontua izan zen, eguzkiak, bere amarengana zihoan batean, txinparta bat askatu eta ardagaia piztu zidan. Erekzio neuronala: PNV ez zela gehiago PNV izango, omenka ari ziren betiere, PN izango ote zen: Partido Nacional. Nola Scottish National Party edo Audiencia Nacional, ba, halaxe, nazionala. Ondo iritzi nion, eta PNVkoa banintz horren alde egingo nukeela pentsatu nuen. Partido Nacional eta kitto. Edozelan ere, nire interesa, jakin-mina, egonezina, euskarazko izenari zegozkion. Alderdi Jeltzale horrek ninduen listu-jario, ez hainbeste gaztelerazko markak.

Ardagaiak tentealdi batek irauten duena iraun zuen, eta udagoiena bestelako desburdinbideetan sartu zen Patxi Lopez bultzi-leihotik so zegokiola. Izenaren gaineko eztabaida itzali eta haren errautsetatik alderdirik alderdiena hegatu zen, Ave Fenix-a legetxe, Buzz Urkullu Lightyear-en gidaritzapean infinituraino eta are harago iristeko asmoz. Urtarrila zen ordurako.

Behin honaino iritsita, flash-back bat egiteko premian nago. Zalaparta, kalapita eta astrapala franko eragin zuten Iruñea-Veleiako ostrakak aurkitu zituzten egunetara noa hauts zientifikorik harrotzeko ezelako asmo barik. Izan ere, Jan-Edan-Lo hura irakurri nuenean, argia ikusi nuen. Egia edo egiantza izan, mitoek eta epikak bietarik baitute, gure iragana berrirakurtzeko aukera aparta iruditu zitzaidan. Lur txatal honi bestelako oinarri erritmiko-historiko bat eskaintzeko parada. Ez ala?

Imajinatu une batez, Orreagez, Amaiurrez, oinaztarrez eta ganboatarrez harago, han gure arbasoak, Arabako lautadako eguzkipean, izterrarteak estaltzeko justuko oihalekin, ogi xerrak oliba oliotan busti eta ardoa edan ostean, asaba zaharren baratzeko olibondoaren gerizpean lo-kuluxka goxoan. Jan, Edan, Lo. JEL.

Izena libre geratzen denean Alderdi Jeltzalea sortuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.