Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Kanpora!

2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Halaxe oihukatu zioten ehunka herritarrek atzo Nicolas Sarkozy presidentari Itsasu eta Baionan. Ez dakit nork aholkatuko zuen, baina Baiona Ttipia eta Handiaren arteko junta egiten duen merkatura eta ondoko karriketara kasik babes gabe eta aitzinetik abisatuz etortzea bururatu zaion bere kanpainako arduraduna dagoeneko langabezian egonen da.

Egun eder eta lasaia izan behar zena, Itsasuko auzapezaren xingola urdin, zuri eta gorria barne, amesgaizto bilakatu zen gure lehendakariarendako.

Sarkozyren agintaldian ez da sekula aipatu frantses hedabideetan hainbeste Euskal Herria, ez eta joan den urrian ETAk jarduera amaitutzat jo duela adierazi zuenean ere. Euskal Independentistak eta «lurralde elkargo baten aldekoak» aipatu zituen nagusiki arratsalde osoan France Info albiste irrati kateak, iskanbilen errudun. Independentistak ere aipatu zituzten etengabe frantses telebistek. Frantziar klase politiko osoak erreakzionatu zuen bultzakada eta oihu batzuen kontura.

Liskarren aipamenetarik haratago, aldiz, hitz guti. Euskal presoen Euskal Herriratzearen aldeko hitzak, desiragarri eta posible dela erranez, euskal hedabideek eta espainolek baizik ez zituzten entzun, frantses hedabideak aldiz, elkor eta mutu gelditu ziren beti bezala. Hautetsien gehiengoa euskal instituzio baten alde baldin badago eta hala direla iruditzen zaiola erranik, bera ez dela oztopo izanen ere adierazi zuen, Eliseorako berriz hautagai denak. Frantses hedabideek hori ere isildu zuten, baina tokiko eskuineko hautetsiek, Michele Alliot-Marie buru, jada ez dute gehiago lepoa kateaz loturik, herritarren nahia aitzinarazi nahi badute... nahia baldin badute...

Ez dakit François Hollandek kanpainaren barruan Euskal Herritik itzuli bat egiteko asmorik zuenez, baina orain apustu, agertuko dela! Eta gai zerrenda finkatua du : euskal gatazka, Ipar Euskal Herrirako berezko instituzioa eta euskararen ofizialtasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.