Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Kartzelak

2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Asteburu honetan Leitzan izan naiz, Bilgune Feministak antolatutako Emakume abertzaleon V. Topaketa Feministetan. Leitza, emakumez betea zegoen, ez ginen herriko zinean sartzen. Euskal Herrian behintzat feminismoa osasuntsu dabil. Ezinezkoa zen gauza guztietan parte hartzea, tailer asko batera zirelako. Tailer guztiek itxura ona zuten: sexualitatea, autodefentsa feminista, praktika artistikoak... Gu, horrelakoetan, banatu egiten gara tailer ezberdinen artean, eta gero elkarri kontatzen dizkiogu. Hala ere, ezinezkoa egiten zait topaketen laburpen orokor bat egitea. Horren truke, egon nintzen tailer batek sortu zizkidan hausnarketak parteka ditzaket lerro labur hauetan. Ilunpetik argira, emakume presoen errealitatea kontagai tailerrari buruz ari naiz. Mahai-inguru bat zen. Euskal preso politikoen, preso sozialen eta kartzelaren eta emakumearen inguruko ikerketa bat egin duten ikerlariak entzun genituen.

Oso gauza interesgarriak aipatu ziren. Esaterako, emakumezkoak txiroagoak izanda, diskriminatuagoak eta zapalduagoak egonda, delitu gutxiago egiten ditugu, eta delituak, gainera, oso gutxitan dira indarkeriazkoak. Emakume presoei, putekin gertatzen den antzera, preso izateagatik emakume kategoariatik kanporatzen dituzte, estigma bikoitza da. Azkenik, kartzelak gizonezkoentzat pentsatuak daude, noski! Bestetik, kaiolan emakumeen artean sortzen diren elkartasun sareei buruz aritu ziren preso ohiak. Beraien arteko loturak oso estuak ziren, eta benetako elkartasuna bizi zen barruan. Eztabaidan beste gai batzuk jorratu ziren; batzuen ustez, beharrezkoa da euskal preso politikoen egoeraren irakurketa propio bat egitea. Beste batzuen ustez, beharrezkoa da loturei erreparatzea eta kartzela bezalako erakunde bat osotasunean ulertzea. Horren inguruko nire kezka nagusiak galdera batean isla daitezke: eratzen dugun Euskal Herri berri honetan kartzelak, poliziak eta matxismoak zer paper izango dute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.