Hauteskundeak hartu behar nituen hizpidetzat, baina bete egin naute. Gainera, bururatzen zaidan gauza bakarra kartelez eta propagandaz barre egitea da, eta ez zait egokia iruditzen. Gaurkoan, nik proposatzen diet haiei gai bat, ahaztu behar ez duten horietako bat: sexismoa kiroletan.
Oro har, kirol hegemonikoak erromatarren zirkuak betetzen zuen funtzio bera betetzen du egun. Botere gune garrantzitsu bat da. Horregatik, ondo irakur daitezke matxismoaren, sexismoaren eta lesbofobiaren ardatzak. Esate baterako, egun kirol munduan dagoen sexu segregazio maila XVII. mendekoa da; berdintasun lege, konbentzio eta akordio guztiak bertan behera uzten ditu. Futbola dugu errealitate horren adierazle argi bat. Hain da publikoa eta garrantzitsua gure gizartean, ez dakit nola ez garen lotsaz hiltzen duen sexu segregazio mailarekin. Ez da soilik ilegala, nik uste indarkeria mota bat ere badela. Ikaragarria da nola baztertzen gaituen kirolaren munduak emakumezkook. Gazteetatik kanporatzen gaituzte, eta jarraitzen dutenek prekarietate osoan egiten dute, eta askotan, arau guztiei kontra eginez.
Ez al da susmagarria gorputza indartzen duen praktika batetik emakumezkoak horrela kanporatzea? Dirudienez, batzuek gorputza indartzen eta trebatzen dute, eta besteok, berriz, soilik ederrak eta lirainak izan behar dugu. Lirainak, femeninoak, ahulak eta erdi anorexikoak izan behar dugu, eredu hegemonikoen arabera. Nire ustez, emakumeen gorputz indartsuak eta trebatuak oso ederrak eta lirainak dira, eta ezetz diotenak nahiko lesbofoboak eta transfoboak iruditzen zaizkit normalean.
Kirol hegemonikoa gizonen gorputza jabetzeko eta ahalduntzeko pentsatua dago. Eta kirola egiten duten emakumezkoen diskriminazioa zeharo areagotzen da maskulinitatearen muga zapaltzen badute. Baina, Olinpiar Jokoetan ondo ikusi genuen bezala, indarra eta trebezia ez dira soilik gizonezkoen ezaugarriak.
Larrepetit
Kirolak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu