Aurreko asteartean, 25S famatu horretan, egoera oso bitxi batean aurkitu nuen neure burua. Asko maite ditudan bi lagun oso bereziei esker, muturreko bi egoera bizi izan nituen. Lehenengoa zoragarria, Bypass pelikularen estreinaldian egon ginen. Ordiziatik, lagun mina dudan Sara Cozar-ek, guretzat Txarik, izugarrizko lana egin zuen protagonistaz egiten zuen lehenengo filman. Gustura egon nintzen bai, komedia erromantiko hura ikusten. Euskaraz, umore onaz eta filmaren partaideen lan txukunaz gozatzen. Badakit ez naizela oso objektiboa, baina ni ere, beste askoren antzera, arnasarik gabe gelditu nintzen Txarik frantsez ne me quitte pas abesten zuen bitartean.
Handik atera, eta pelikularen omenez egiten zen festara joan ginen. Pintxoak eta ardoa edaten genuen bitartean, Madrildik Whatsapp mezuak iristen hasi ziren. Txurrus zen, Ordiziakoa baita ere eta Medeak taldeko kidea. Madrilen zegoen Kongresua inguratu nahian, hango talde transfeministekin batera. Hasieran argazkiak bidaltzen zizkigun, Poliziak kongresuaren inguruan antolatutako astakeria ikus genezan. Geroago, testu laburrak: «Egurra eman digute», «Tino —Madrilgo aktibista Trans bat— hartu dute», gero, ezer ez. Azkenik, «ondo gaude» bat ere jaso genuen, eta lasaitu ginen. Oso arraroa egin zitzaigun, horren guztiaren berri Maria Cristina hoteleko ez dakit nongo gela batean izatea.
Hurrengo egunetan, bi argazki iritsi zitzaizkigun, mundu osoan bueltaka dabiltzan argazkiak. Lehenengoan, Tino lurrean zegoen bitartean, inguratzen zuen Polizia talde batek sekulako jipoia ematen zion. Bigarrenean, Tino, hura eusten zuten bi lagun eta Txurrus agertzen ziren. Txurrus kamiseta feminista zeramala, eta sustoagatik aurpegia itxuragabetua zuela agertzen zen. Ez zituzten kaleak hustu, ez. Jendea inguratu, eta indar guztiarekin astindu zituzten gazteak, zaharrak eta harrapatu zituzten guztiak. Oraingoan ere, arnasarik gabe gelditu nintzen.
Larrepetit
'L25//25S'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu