Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Lana

2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Marx-en ustez, lanak gure bizitza errealizatu dezake, sistema aldatzearekin nahikoa da. Zalantza asko sortzen dizkidate iraultzak pentsatu dituzten aita horiek guztiek. Izan ere, Marx-ek asko hitz egin zuelako produkzio mekanismoei buruz, baina ez hainbeste lan erreproduktiboei buruz. Unibertsitate garaietan, asko eztabaidatzen genuen klaseari eta generoari buruz. Bietako zein da esanguratsuagoa? Zein da determinatzaileena? Ni sexu eta generoaren aldekoa nintzen, noski!

Denborarekin, bien arteko lotura nabarmena eta konplexuagoa egin zait. Sexu-genero ardatzek gorputzak era jakin batean kokatzen dituzte gizartean. Sexu banaketaren arabera, funtzio ezberdinak ematen zaizkie gorputzei. Emakumezkooi lan erreproduktiboa atxikitzen zaigu; nahi edo ez nahi, gizartea produzitzen duen kaikua gara. Lan erreproduktiboa ez da erditzea bakarrik, gizarteak ikusten ez dituen lan guztiak burutzea ere bada: elikatu, zaindu, hezi, garbitu, maitatu...

Egun, gure gizarteari garrantzitsuagoa iruditzen zaio lan produktiboa, erreproduktiboa baino. Lanaren kontzepzio kapitalistak ere gorputzak kudeatzen ditu; diruaren truke gure gorputzen bizi denbora ematen diogu. Nik horri abstrakzioaren produkzioa deitzen diot, hau da, existitzen ez den zerbaitengatik —dirua— gure bizitzaren zatiak saltzen dizkiogu kapitalari, zentzurik gabeko produkzio erraldoi bat sustatuz.

Kapitalismoa ez zaio bizitzari lotzen, produkzio abstraktuari baizik: irabaziei. Gizarte kapitalistetan, bizitzak ez du ezer balio, irabazien zerbitzura jartzen ez bada, noski!

Bizitza kapitalismoaren zerbitzura jartzen dugu. Nire ustez, morrontza horren azpian, sexu banaketa dago, publiko eta pribatuaren arteko banaketa eta lan erreproduktibo eta produktiboen arteko banaketa.

Garrantzi handiagoa ematen zaio lan produktiboari, eta bitartean bizitzak ihes egiten digu, benetan garrantzitsua zer den ulertu gabe, bizitza bizi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.