Leihoaren aldamenean joan nahi genuen guk, autoaren atzeko eserlekuan. Hirurok. Etxean hiru ume baikinen. Askotan lau joaten ginen, gainera. Eta lehengusua ere ez zen leiho gabe konformatzen. Hantxe joaten ginen, izterrak pega-pega eginda. Izerditan, udako egun beroetan. Aire giroturik ez zegoen. Hori bai, ondo girotuta gindoazen. Borroka bizian, leihoan joatearren.
Alde ederrekoa zen leihoan joatea. Ukalondo bakarrarekin soilik lehiatu beharra, birekin izan ordez. Balantzarik gabe, paisaia ikusten. Burua aterata, sudur-belarriak freskatzen. Bazenuen burua non pausatu, lo kuluxka egiteko ere. Abantaila asko zituen. Erdian mareatu egiten ginen. Denok.
Donostiako gure lehengusuak bi anai-arreba dira. Eta haiei erdian joatea gustatzen zitzaien. Leiho bana zuten. Baina erdia bakarra izaki, biek hura nahi. Haiekin nengoenean, ni poz-pozik leihoan. Eta bitartean, biak elkarri bultzaka, erdirago nor joango. «Erditik dena ikusten da!», esaten zidaten. Zomorro arraro bati bezala begira, nola ez. Baina ez zitzaidan batere inporta.
Seme-alaba bakarrek zer, maletategian joan nahiko ote dute? Joan ezin diren tokiren batean, hori seguru. Ez daukaguna nahi dugu beti.
Autobusean ere nik leihoa nahiago. Eta hegazkinean eta trenean... Leihoa duen zeinahi trastetan. «Leihoa ala korridorea?», galdetzen dute toki batzuetan. Galdetzea ere! Baina ez pentsa, lagun batek esan dit berak korridorea aukeratzen duela beti. Igel arroxa bati bezala begiratu diot. «Ez didazu esango hortik dena ikusten dela, ezta?». Bera izan da orduan muturra okertu duena. «Ez. Hankak luzatzeko toki gehiago dago». Seguruagoa dela ere badio: «Irteerara iristea errazagoa da, istripuren bat badago». Ez nau konbentzitu. Nola ba? Norberaren aukera da beti onena.
Larrepetit
Leihoa ala korridorea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu