Nazio Batuen egoitzaren aurrealdean ikusi zintugun bezperetan, betazalak kliskatuz, betaurrekoei sudur gainean eusteko keinua eginez, urduri zauden guztietan egiten duzun bezala. Bizkarrean zenuen egoitza horretan luzaz maizter izandako Kofi Annan Donostiarako eskuko maleta prestatzen ariko zen ordu horretan. Artean zuk, Patxi, amerikak zenituen egiteko.
Biharamunetan, alde edo kontra, ez da Aietekoari gaina hartu dion berririk izan. Kazetariz bete baitzen Donostia behinolako zure izenkide haren egoitza izandakoan gertatu behar zirenak jasotzeko. Zu, aldiz, Olatz Arrietak amerikanuen berri ematen digun zabaltzan zinen, planoaren hondoan Estatu Batuetako bandera lau haizetara eta etxe orratzak zenituela bizkartzain. Txikia zenirudien, Patxi, oso txikia.
Euskal Etxean ere ikusi zintugun Canal Vasco berritua aurkezten. Euskeraz gutxi eta ingelesez jakin ez, zapata parea estreinatu berritan legez, oinetako minez. Tarzanez gogoratu nintzen, New Yorkera eroan zuten hartakoaz.Maite maiteko zuen Janek, baina ulertu, Txitak ulertzen zuen Weissmuller.
Astelehenean, gosaltzen ariko zinen garaian, zure alderdiko presidentea Aieteko jauregira hurreratu zen. Argazki guztietan agertu da, serio antzean baina ezker-eskuma bostekoak luzatzen. Rodolfo, zure sailburu superestarra, Kofirekin bildu da bi eta bi zenbat diren argi eta garbi esateko, antza. Ramon Jauregik ere, zu etorri aurretik hor zegoenak eta zu joan eta gero ere hor egongo denak, hitz egin du. Eta Mendiak, eta Madinak, eta Pastorrek…
Gaixo Patxi. Badirudi, nagusiek kontu serioez hitz egin behar eta, logelara playstationean aritzera bidali ordez, New Yorkera bidali zaituztela. Ez da justua. Lehendakaria zara. Hemen behar zenuen eta ez dizute utzi.
Itzultzen zarenean ezer ez da lehenago zena izango. Bidaia honek utziko dizun jet laga sekulakoa izango da. Eta zu, Lehendakaria zinen.
Larrepetit
'Lost in New York'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu