Frantziako edozein merkatutan, Pariseko Laborantza saloian bezala, ohiko bilakatu da Euskal Herriarekin zerikusirik ez duten gasna, piper, euskal bixkotx edo xerriki saltzaileak atzematea ikurrinaz apaindurik edo beren ekoizpenetan lauburua ageri dutela. Turismo arloan ere, ohikoa da Biarnoko edo Landesetako ostatuek Euskal Herriaren irudia baliatzea baita kanpotik heldu zaizkigun tour operadoreek ere.
Imitazio faltsuek egiten duten kaltea zaintzeko asmoz, eta gure lurraldean ekoizten denari kalitate berme bat eskaintzeko, abiatu da Lurralde Markari buruzko gogoeta azken urteotan Garapen Kontseiluak bultzaturik eta sektore ekonomiko orotako partaideek lagundurik.
Biziki gogoeta aberatsa, baina zaila era berean, Lurralde Markaren izaera multisektorialak kalitate eskakizunean ukan dezakeen eragina dela eta. Kezka, bereziki kanpora gehien saltzen den elikagai ekoizkinen arloan sortu da. Ez baita aski ekoizkinak Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan eraldatuak izatea, lehengaiak ere bertakoak izateak tokiko laborarien biziraupena eta ekoizpenaren kalitatea segurtatzen ahalko baitu.
Hurbiletik segitzeko gaia ere Lurralde Markaren babesa jasoko luketen enpresek hizkuntza eta kulturari buruz eginen duten erabilerari dagokionez. Egin diren ikerketek argi eta garbi adierazten dute hizkuntza eta kulturaren berezitasunak duela lurralde honen eta bere ekoizpenen erakargarritasuna egiten. Ondorioz sortu beharreko markak euskara bereziki lehentasunen artean kontuan hartuko du. Euskara ekoizpenen etiketetan, baina baita ere ekoizpenen komunikazio kanpainetan eta enpresa ekoizleen egunerokotasunean ere. Lurralde Marka sortzear dela adi egon beharko. Euskararik gabe, Lurralde Marka beste imitazio faltsu bat gehiago besterik ez baita izanen.
Larrepetit
Lurralde marka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu