Ona zen bion arteko harremana X agertu zen arte. Ez balego legez jokatzen saiatu nintzen. Y agertu zenean bukatu ziren gure artekoak. Zu hortik eta ni hemendik, horrelaxe ibili gara matematikak eta biok aspaldi handian.
Umegorria nintzen horma batean brotxa lodiz idatzitako «4+3=1»hura irakurri nuenean. Ez nuen ulertu, baina ez nuen galdetu, zaparroaren urguilua nonbait. Artean berde, batzen eta biderkatzen ikasi nuen. Kentzen eta zatitzen bizi genuen giro politikoak irakatsiko zigun ondo.
Urrundik bada ere, beltzak ikusten hasita, 564 abestian, noiz «taupada» eta noiz «ohe huts» esan behar genuen ikasterako,zazpiehundik gora ziren presoak. Hala dira gaur egun ere. Zoritxarrez, eta matematikez ari, hobeto eutsi dio denboran, bere egoskorrean, Zenbat gara? kantak.
Ikasteari ez baina estudiatzeari utzi eta gero etorri zen ekuazioen garaia. Erroz, eta batez ere karratuz, beteriko amildegi infinitu batean behera abiatuta, beirazko ertzak zituzten zenbaki eta hizkien zaparrada baten azpian, emaitza positiboa ageri ei zen. Tartean eragiketaren batek oker behar zuen ze, mordoxka bat pilatu ostean, emaitza negatiboa zen beti. Bidenabar, pareko ikasgeletako listoenek betiko errezetarekin jarraitu zuten: errotik kendu, zatitu, txikitu…
Matematikak gaiztatu zirenean, poetaz bete zen Euskal Herria.
Horregatik, pozgarria zait azkenaldian oinarrizko ariketetara itzuli garela ikustea. Ikasketako hasierako pauso haietan legez, banakoak bildu eta multzoak eginez, gero multzo handiagoak egiteko.
Umotzeko garaian umetu eta hor dakuskit multzo batean zazpi borobil gorri; bost urdin bestean, eta laranja bat harago. «Zenbat borobil guztira?», galdetu du andereñok. Etorri handikoa ni, ahoa buru eginda bota dut: «Hamahiru!». Bittor Kapanagaren ahotsa entzutea iruditu zait orduan: «Ez dok hamahiru! Hamaikatik aurrera infinitua dok!».
Larrepetit
Matematikak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu